Erraldoiaren pisuak ez ditu birrindu. Nazioarteko arrakastak ere ez, eta apal eta diskretu, lanean jarraitu dute Moriarti ekoiztetxeko kideek. ‘Mateoren ama’ film laburra errodatu dute otsaileko asteburu bakar batean, ostiraletik igandera. Orain, taldearen hurrengo lana izango den ‘La trinchera infinita’ istorioarentzako lokalizazio egokiak bilatzen ari dira.Mateoren-Ama-2

Moriartiren eta Irusoinen arteko koordinazio lan onaz baliatuz, Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak atera dute aurrera Mateoren ama proiektua. Aipatu bezala, otsaileko hiru egun hartu zituen errodajeak, eta orain postprodukzio fasean dago. Ekainean bukatuko dutela aurreikusi dute, eta hortik aurrera, euskal laburmetrai gehienak bezala, Kimuak deialdira aurkeztu eta nazioarteko jaialdietara eramango dute.

Erdibideko proiektu laburra izan da hau lantalde arrakastasuarentzat. Bi urte ibili dira ideiarekin bueltaka, eta azkenean, salto egitera ausartu dira. Proiektu zubia izan da, hurrengo film luzerainoko bidea egitekoa. Izan ere, badirudi arrakastaren formula topatu dutela, eta eroso dabiltzala horretan: uneotan, La trinchera infinita film berriaren errealizazioan dihardute, Jon Garañoren laguntzarekin.

Hirukoteak elkarlanean osatutako hirugarren lana izango da. Lucio dokumentala izan zen lehen lehen saiakera, eta, nola ez, Handia arrakastatsua eta Lagun mina zein Zarautzen erosi zuen laburrak etorri dira atzetik. Gidoigintzan ere bidelagun izan dira azken urteetan.

Mateoren ama

Gizon baten egunerokoaren kontakizuna egingo du filmak. Alzheimerrak jota dagoen ama bisitatzera joaten da gizona, egunero-egunero, emakumea hartzen duen egoitzara. Amak, ordea, ezingo du semea ezagutu. Iban Zalduaren izen bereko eleberrian oinarritu dute istorioa, baina hasieratik azaldu dute ez dutela errealitate eta subjektibitatearen arteko bereizketarik egin. Drama familiarra da, fantasiaz beterikoa.

Arlo artistikoari dagokionez, taldearekin lotura estua duen aktore-multzoa aurkituko dugu: 80 egunean filmeko protagonistak, Mariasun Pagoaga eta Itziar Aizpuru; Handia filmean negoziatzaile paperean aritutako  Iñigo AranburuAitziber Garmendia…  Konfiantzazko talde batek osatu du ere arlo teknikoa, Handia filmean ibilitako talde berdinak, hain zuzen.

Donostiako Aldakonea Zaharren Egoitzan errodatu zuten, hiru egunez, otsaileko asteburu batean. Erronka zaila zuten aurretik, lekua ere ez baitzen samurrena, baina egoitzaren funtzionamendua normaltasunez mantendu zedin lortu zuten, kameren, mikrofonoen eta ekipo guztiaren presentziarekin arazorik sortu gabe.