Europa eta mundu zinema jaialdi eta azoka erreferentziala da Cannes zinema jaialdiko Marché du Film. Zineuskadi elkarteak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eiken Clusterrak egindako elkarlanari esker, bertan izango da Basque Audiovisual marka 2018an. Proiektu berriak aurkeztu eta katalogoa osatzeko deia zabaldu du Zineuskadik.
Pasa den otsailean, Berlinaleko European Film Marketen egon zen Basque Audiovisual, euskal ikus-entzunezko sektorea nazioartean babestu eta ateak zabaltzeko helburua duten hiru enpresen elkarlanaren eskutik. Berlinen bezala, ICEX Espainiako Kanpo Merkataritza Insititutuak jarriko duen standean izango da ere euskal marka Cannes-en.
Cannes eta Berlin bisitatzeaz gainera, hurrengo hilabeteotan beste hainbat nazioarteko azoka garrantzitsuetan izango da Basque Audiovisual. Besteak beste, apirilean 9tik 12ra Telebista eta eduki digitalen munduko azoka garrantzitsuenean, MIPTV-n; ekainaren 25etik 28ra, La Rochele-n, Sunny Side of the Doc-en, Europako Nazioarteko dokumental azoka nagusian; eta azkenik, urriaren 15etik 18ra MIPCOM-en, formatu guztietako entretenimendu edukien azoka globalean.
Zineuskadik jakinarazi du, gainera, urteko ekoizpenak bilduko dituen katalogo berri bat egingo duela Marché du Film merkaturako. Aurreko aldietan ez bezala, formatu digitalean egongo da soilik eskuragarri oraingoan. European Film Marketen izandako proiektuak katalogo berrian mantenduko dituztela azaldu du, baina lan berriak gehitzeko haiekin harremanetan jartzeko dei egin dute. Lanen inguruko informazioa komunikazioa@zineuskadi.eu helbidera bidali behar da.
Diru laguntzak emango ditu Etxeparek
Etxepare Euskal Institutuak, bere partetik, azoka hauetan parte hartzeko diru-laguntza deialdia (bidaia, akreditazioak, ostatua, dietak…) irekiko duela jakinarazi du. Ekainean zabalduko dute deialdia, eta gehienez, 1.000 euroko diru laguntza jaso ahal izango da azoka bakoitzeko. Eskatzaile bakoitzak, berriz, ezin izango ditu 2.250 euro baino gehiago jaso.