Igande honetan, martxoaren 18an, Estiu 1993 filmaren emanaldi berezi bat egingo dute Donostiako Tabakaleran. Carla Simon zuzendaria izango da bertan eta, filma hasi baino ordu eta erdi lehenagotik, egilearen eta Mikel Gurrea bere lagun minaren arteko elkarrizketa saioa egingo dute.
London Film Schooleko klasekide ohiak dira igandeko bi gonbidatuak. Norberak idatzitako gidoiak besteari erakusten zizkion, iritzi eske, hobetzeko asmoz. Hainbat film laburretan elkarlanean ibiliak dira, eta graduazio proiektuan bata bestearen zuzendari-laguntzaile izan ziren. Carlak bere aparteko haurtzaroan oinarritutako gidoia idazten hasi baino lehen, Mikeli kontatu zion ideia. Urtebetera, hainbat zirriborro bidali zizkion, eta film indartsua eta zintzoa izango zela antzeman zuen honek. Tarteka ere, kasting bideoak eta film grabazioko muntaiaren hainbat bertsio erakutsi zizkion. Esan gabe doa, beraz, ikusleen eta kritikarien balorazio onak jaso dituen Carlaren proiektua oso gertutik bizi izan duela Mikelek .
Honenbestez, igandeko 18:00tan izango dira Simon eta Gurrea Tabakaleran, elkarrekin egindako ibilbidearen errepasua egiteko. Besteak beste, zinema-eskolan ikasitakoaz, Carlaren zinemagile prozesuaz, partaide diren Cinema en Cours – Zinema abian proiektuaz… arituko dira. 19:30etan ekingo diote proiekzioari, eta ondoren, publikoarekin solasaldia egingo dute. Emanaldi aurreko elkarrizketaren sarrera doakoa izango da, proiekzioak, berriz, ohiko kostua izango du.
Estiu 1993
1993ko udan, bere gurasoak hil ondoren, Frida, sei urteko haurra, Bartzelonatik Kataluniako landa-eremura lekualdatzen da bere izeba-osabekin bizitzeko. Haren bizileku berrian, denbora bestela igarotzen da, eta inguruan duen natura misteriotsua eta urruna da. Baina aldaketa gehiago daude: orain, Fridak zaindu beharreko ahizpa txiki bat du. Familiak oreka lortzeko ahalegina egiten du: batzuetan jazza entzuten dute lorategian, edo jaietara joaten dira, edo igerilekuan ematen dute eguna. Zoriontasun-tarteak dira. Beste batzuetan, Fridak uste du ihes egitea dela bere arazoetarako irtenbide onena. Hain zuzen ere, orduan aurre egin behar dio bere bizitza-egoera berriari. Orduan aurre egin behar dio bere buruari.
Arrakasta itzela, eta sari andana eskuratu ditu filmak 2017an estreinatu zutenetik: Berlineko nazioarteko jaialdian Opera prima onenaren saria; Malagako zinema jaialdiko Urrezko Biznaga; Buenos Aireseko nazioarteko zinema jaialdian zuzendari lan onenaren, publikoaren eta Signis epaimahiaren aitorpenak; Écrans Juniors saria Cannesko Zinema Jaialdian… Berriki ere, 2018ko Zuzendari berri onenaren Goya saria jaso du.