la-cosa-vuestra-Maria-Cañas-ZINEA

 

Zuzendaria: Maria Cañas

Urtea: 2018

Herrialdea: Euskal Herria

 

Asteburu honetan Iruñeako Punto de Vista jaialdian izan naiz, bertan zortekoa ni, Maria Cañasen azken lanaz gozatzeko aukera eduki dut. Joan den urtean X films atalean aukeratua izan zen bere proposamena eta horri esker jaialdiak berak, 40 minutuko harribitxi kitsch, surrealista eta kritikoa ekoiztu egin du, guztion gozamenerako.

Zer dira Sanferminak? Nondik datoz? Nora doaz? Nork eta nola eraikitzen du saltzen zaigun iruditeria? Eta batez ere, nola eragiten digu guzti honek? Hauek izango dira zuzendariak modu abstraktu bezain zehatzean plazaratuko dituen galderak. Mariak, bideo muntaiak erabiltzen ditu lanerako, collagea egingo balu bezala. Irudiak bilatu, jaso, bildu, eta berriro bilatu, galdetu, jaso, bildu, eta ondoren editatu, muntatu.  Eta eskaintzen dizkigu, edo jaurti. Granada bat bezala, bonba bat bezala, edo nahiago baduzue merengezko tarta bat bezala.

Zuzendariak diskurtso kritiko interesgarria garatuko du irudien sailkapen eta elkarketarekin. Sekuentzia eta ordenari erreparatzen badiogu, pieza txikiez osatutako ibilaldiak elkarren artean elkarrizketa dialektikoa eskainiko digu, Nafarroan eta San Ferminetan errotuak dauden kontzeptu eta nolakotasunen artean suerta daitekeen talkaz eta gatazketaz jabetu gaitezen. Animaliekiko tratu txarrak, matxismoa, bortizkeria, erlijioa, besteak beste, salatuko ditu. Batzuetan umorearen bitartez, gehienetan, kritikarako biderik eskuzabalena den heinean; modu latz eta dramatikoagoan klimaxera heltzen hasten garenean. Interneten aski ezaguna den Memory Hole bideo zabortegi mistiko eta misteriotsuaren antzerako lana proposatzen digu Mariak, artea eta zinemaren mugetan dagoen ariketa honetan.

‘La Cosa Vuestra’ dio izenburuan, ezer jakin nahi ez balu bezala: zuen kontu horiek, ulergaitzak, basatiak. Eta Hemingway-ek zein ongi hitz egiten zuen San Ferminetaz, izaki bizidun bat akatzeak sortzen zion zirraraz; eta ardoa, eta titiak, eta bortxaketak, eta zezenak, adarrak eta guzti, eta gizontasuna, eta jaun goikoa eta lege zaharra… Zapinga egiten bageunde bezala igaroko ditugu zinta berezi bezain harrigarriak irauten dituen 40 minutuak, zer ikusten ari garen geure buruari aldiro galdetuko diogun bitartean. Baina ez kezkatu, Mariak badaki zertan dabilen, ez ditu irudiak hala nola turmixean sartu eta nahastu, irabiatu. Agian gu gara zorabiatuko garenak, eta garuna turmixean sartu baligute bezala aurkituko garenak, baina hau Mariak badaki, bere helburuetako bat baita.

Zuzendariak astindu nahi gaitu, asaldatu, eta gure baitan onartuak izan ditzakegun kontzeptuen inguruan galdegitea bilatzen du. Ariketa iraultzailea proposatzen digu:  matxinada kontua, errebolta, aktibismoa. Zuzendariak hausnarketarako bidea proposatzen digu; umorea ez da falta, dosi ikaragarrietan, kritika eta umorea ez dutelako zertan aurkakoak izan behar. Azkenik zintak azken urteetan gertatutako indarkeria kasu nabermenen inguruan arituko zaigu, oraingoan dramatismoa gailenduko da, gai batzuen inguruan ez dagoelako umoretsu aritzeko modurik.

Oro har bukatzeko, Punto de Vista jaialdiari eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen, horrelako harribitxiak bultzatu eta ekoizteagatik, eta zinema puntako eta esperimentalenaren erakusleihoa izateagatik. Zazpi t’erdi ekoizpen etxe xumeak irabazi du aurtengo X Film atala, eta datorren urtean eskainiko diguten lana ikusteko irrikitan egongo gara. Datorren urtera arte beraz, ikuspuntu desberdinak proposatzen dizkigun jaialdian elkar ikusiko dugu.