‘100 dias de soledad’ film dokumentalaren aurrestreinaldia egin zuten atzo, martxoak 13, Donostian, Gipuzkoako Naturaldia esparruaren barruan. Aurkezpen ekitaldian izan ziren Jose Diaz filmaren zuzendaria eta protagonista nagusia, proiektuaren alor teknikoaren zenbait kide, eta Jose Ignacio Asensio Ingurumenerako diputatua. Zinea egiteko eredu ezohiko bat jorratu du zuzendariak. Izan ere, bere burua filmatu du Redeseko Parke Naturalean (Asturias) egindako 100 eguneko egonaldian. Errealitatetik guztiz deskonektatuta, elektrizitaterik, telefonorik, telebistarik, ordenagailurik, ez eta erlojurik ere eduki gabe, bakar bakarrik igaro ditu hilabeteak. “Gogoeta egitera, errealitateaz jabetzera, eta garenaz eta gure inguruarekin harremantzeko moduaz hausnartzera” eramango gaitu filmak, Asensio diputatuaren arabera.
Zuzendari gisa izandako lehen esperientzia izan da Jose Diaz sortzailearentzat, eta hainbat eragileren bultzada jaso du proiektuaren garapenerako. Tartean izan da Gipuzkoa Naturaldia, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako sormen kolektiborako ekitaldia. Gipuzkoako Naturari buruzko kalitatearen dibulgazioa sustatzea du helburu, eta dibulgazio sortzaile eta erakargarria landu aldera, publiko osoari iristeko baliagarri diren kanal, diziplina eta formatuak erabiltzen ditu.