Fetitxistak ote gara?

Kuriosoa da bizitza. Gutxien espero duzunean Donostian zaude, Zinemaldiko gazteriaren epaimahaiaren zereginetan ilusionatuta. Egunean derrigorrezko 3-4 film, eta denbora libreak aprobetxatzeko gainerako sailetara eskapadatxoak, ezikusiarena egin eta Jean Pierre Léaud aktore frantziar handiren prentsaurrekora ere, trikimailu bat edo beste eginda, ezkutuan sartuz.

Jaialdiaren azken eguna zen hura, oso ondo gogoratzen dut, izan ere, bi egun barru Madrilen behar nuen, Master ikasketak hasi behar bainituen. Baina bazen sabelean tximeletak eragiten zizkidan zerbait: laguna, asturiarra bera, Zinemaldiko kronika bat ari zen idazten, aurreko urtean praktika batzuk burutu zituen enpresak fabore hori eskatu baitzion. Eta noski, tximeletak galdera eta zalantza bilakatu ziren: noiz espabilatuko dut, eta noiz hasiko naiz neu ere irrikatzen nauen zinemaz serio idazten?

fetitxistak-ote-gara-1

Hala, arratsalde horretan bertan kontaktatu nuen Zinea.eus atariko arduradunekin eta gainerakoa webguneko albiste, erreportaje sorta eta gainerako sarreretan irakur dezakezue. Pasaden astean aurkezpen testu bat idatzi banuen ere, gaurko hau da nire lehen post ofiziala blogari lanetan. Eta ezer baino lehen, aukeratutako izenaren zergatia azaldu nahi dizuet labur-labur. Zera da kontua, horrenbeste barre eragiten dizkigun Google translate plataformak eman dit izenburua. Gaztelaniazko estado de ánimo itzultzeko presatan nenbilela aplikazioan sartu eta hara sorpresa (proba ezazue): Gogoaren fotogramak. Indartsua da esaera, eta bertan jorratuko ditudan gaiak laburtzen asmatzen du. Izan ere, gogamenean gordeta dauden fotograma horiek berrikusten edota berreskuratzen ditugunean, ez al da zerbait berezia pizten gure barrenetan?

Hala, proiektu polit eta berezi baten berri eman nahi dizuet, zoritxarrez ebazpena malkartsua izaten ari dena: 2015ean, zinema maite zuen gazte talde batek Erromako Trastevere auzo historikoko Piazza San Cosimato elkargunea berpiztu nahi izan zuen, horretarako ekainaren 1etik abuztuaren 1era, 60 eguneko Festival Trastevere Rione del Cinema zinema jaialdia antolatzea erabaki zuten, udan, izarren distirapean, doan. Valerio Carocciren gidaritzapean, antolatzaileak I Ragazzi del Cinema America gazteak izan ziren, eta aurretiaz jada auzoko Cinema America  eta Sala Troisi zinema aretoak eraisteko mobilizazioak etetea lortu zituzten. Bertatik Piccolo Cinema America sortu zuten, irabazi asmorik gabeko erakundea.

Besteak beste, eta ragazzi hauen proiektuari sineskortasuna emanez, sortutako zinema jaialdi berrira Paolo Sorrentino, Roberto Benigni, Dario Argento, Carlo Verdone, Asghar Farhadi, Bernardo Bertolucci ere gerturatu dira filmak aurkeztera, solasaldiak egitera… Nik ere, Erroman ikasi nuen urte hartan, bertaratzeko aukera izan nuen, eta besteak beste Ennio Morricone konpositore aski maitatuak Sergio Leone zuzendariaz eta bere lagun minaz nola hitz egiten zuen gozatu nuen. Eta herri ekimenak aurrera ateratako jaialdi eder honen helburua zein den? Lagunartean, bikotekidearekin, familiartean zinemaz gozatzea. Besterik ez.

fetitxistak-ote-gara-2

2018an, ordea ez da jaialdirik egongo, ez. Luca Bergamo Erromako alkateordeak eta kultura hazkundearen arduradunak hala nahi ez duelako. Hauteskunde kanpaina zorrotz baten atarian argitaratu zuen politikariak oharra proiekzio egunak murriztuko zituela ohartaraziz. Jarraian, Gemma Guerrini udaletxeko zinegotziak jaialdia bera fetixistatzat jo berri du: “Film zaharrak ikusten dituzue? Hori fetitxismoa da!”. Hitz hauengatik karguaren dimisioa aurkeztu behar izan du. Ekimen kulturala mantentzeko eztabaida eta borroka luze baten ondorioz, eta hiriburuko agintariek debekuz debeku neurri gero eta gogorragoak jartzen hasiak direla ikusita, “nekatuta eta ilusioa galduta” daude antolatzaileak eta aurtengo Festival Trastevere Rione del Cinema jaialdia ez du gauzatzerik izango.

Hala ere, I Ragazzi del Cinema America gazte taldeak ekinean jarraitzen du, eta besteak beste Martin Scorsesek, Mostra del Cinema di Venezia jaialdiko Alberto Barbera zuzendariak, Valerio Mastandreak, Paolo Sorrentinok, Paolo Virzìk, Zalonek eta Bernardo Bertoluccik, sinatutako gutun eta manifestua martxan dute jada, “Erromako gazteek zinemarekiko eta kulturarekiko duten konpromisoa ulertu nahi ez, eta film zaharrak ikustea fetitxismoa dela  uste duten agintarien dimisioa eskatzeko” asmotan.

Blog honetan parte hartzeko aukera eman zidatenetik argi izan dut erromatar ragazzi hauei eskainiko niela lehen sarrera, eta ekarpen txiki hau pozik hartuko dutelakoan nago, helburu bera baitugu, zinemaz eta kulturaz gozatzen jarraitu nahi dugu!

Oggi ribadiamo che vogliamo ‘Roma Città Aperta’.

Viva la Cultura libera, viva la Vita”

fetitxistak-ote-gara-3