Laburra dena bi aldiz laburra delaren esaera egikarituz, amaitu da 2018ko Punto de Vista jaialdia. Iragan larunbatean, martxoaren 10ean, ospatu zuten itxiera ekitaldia, Baluarteko Ganbera aretoan. ‘Iruñeako Sinfonia’ filma aukeztu zuten bertan, eta edizioko zazpi sari nagusiak banatu ere bai. Jorge Jacome portugaldarraren Flores filmak eskuratu du Film Onenaren aitorpena.
“Osagarri kontraesanezkoak nahasten dituelako” nabarmendu du Jacomeren lana jaialdiko epaimahaiak. Azoreetan dago girotuta, eta krisi natural bat hartzen du abiapuntu. Lanak epaitu dituen taldearen arabera, “unibertso poetiko eta pertsonala eraikitzen ditu”. Sari nagusiaz gainera, gazte epaimahaiaren aitorpena jaso du ere bai.
Nathaniel Dorsky estatubatuarrari eman diote zuzendari onenarentzako Jean Vigo saria, Elohim, Or Divine Beings,The Energy of Light as Creation pelikulagatik. San Franziskoko (Kalifornia, AEB) Golden Gate parkeko arboretumeko argia aztertu du estatubatuarrak, eta zazpi pelikuletan azaldu du azken urteetan bertan eman den loraldia. Zazpi horietatik lehenegoa da Iruñean saritutakoa. Epaimahaiak ere, zuzendaritza aipamen berezia egin dio Jonathas de Andrade brasildarraren O peixe filmari.
Deborah Stratmanen Optimism dokumentalak jaso du Film Labur Onenaren saria. Kanada iparraldeko Dawson City hiriko errealitatea jaso du Stratmanek, kanka dantzariak, curling jokalariak, urtzaileak eta hiriko funtzionarioak nahasten dituen argazki bitxia.
Etxekoari aitormena
Euskal Herritar jatorriko lan sariturik izan da aurten ere: Marina Lameiro zuzendari nafarraren Young & Beautiful lanak jaso du Ikusleen Film Onenari Sari Berezia. Hazi nahi ez duela leporatzen zaion eta, bizirauteko, ametsei uko egin behar dion belaunaldi baten irudikapena egiten du filmak; Poti, Nais, Ione eta Das beren kabuz bizitzea erabaki duten lau gazte dira, kamera hurbil jarrita eta elkarrizketa bidez, haien eguneroko bizitzaren unerik alaienak eta ahulenak ezagutuko ditugu.
Donostiako Zazpi t’erdi ekoiztetxearen La via flotante filma aurkeratu du hautaketa batzordeak X Film proiektuaren saridun, eta filma produzituko dute horrela. X Films Proiektua jaialdiaren eta Nafarroako Kultura, Kirol eta Gazteriaren departamentuaren elkarlanaren emaitza da, eta Juan Huarte enpresaburuak 1963 urtean sortutako X Films Nafarroako produkzio-etxearen izaera berreskuratzeko xedez sortu zuten. Interes artistiko berezia duten, edo balio bereziak adierazten dituzten filmak ekoizten zituen ekoiztetxeak, eta hura gogoratzeko apustu honek zinemarik berritzaileena, biziena eta esperimentalena ekarri du jaialdira. Hautaketa batzordeak filma bat aukeratu du aurtengo edizioan, eta jaialdiak hura produzitzeko konpromisoa hartuko du.