Hautatu dituzte Donostia Zinemaldiko Zinema Eraikitzen saila osatuko duten sei filmak. Martxoaren 22an eta 23an ospatuko da 33.edizioa, Cinelatino, Rencontres de Toulouse jaialdiak antolatutako ekimenaren baitan. Brasildik, Txiletik eta Mexikotik helduko dira aurkeztutako lanak.
Latinoamerikako film luzeen ekoizpena babesten duen plataforma izateko xedea du Zinema Eraikitzen ekimenak, filmok amaitzen eta nazioartean banatzen laguntzekoa. Donostia Zinemaldia eta Tolosako Rencontres jaialdiaren arteko lankidetzaren fruitu da, eta urtean bitan lotutako hitzorduen bidez, Latinoamerikako eta Europako zinemagintzako profesionalei elkargune bat eskaini, eta haien elkarrizketa sustatzen dute, zinemagile independenteen aniztasuna eta talentua sustatuz.
Hamasei herrialdetako 201 filmek eman dute izena aurtengoan, iaz baino kopuru handiagoa, eta horietatik sei hautatu ditu hautespen batzordeak. Lanak martxoaren 22an eta 23an izango dira ikusgai Tolosako jaialdiaren markoan, eta ondoren, Donostia Zinemaldiko 66. Edizioan eskainiko dituzte.
Aukeratutako filmen zerrenda:
- ENIGMA, Ignacio Juricic Merillan (Txile)
Nancy, kolpeka eraildako lesbiana gazte baten ama, argitu gabeko misterioei buruzko telebista-saio batera gonbidatuko dute alabaren istorioa kontatuko duen emanaldi batean parte har dezan. Zortzi urte igaro dira hilketaz geroztik, eta oraindik ez dituzte aurkitu errudunak. Gai sakona eta arantzatsua hautatu du zuzendariak bere ‘Opera Prima’ izango den lanerako.
- LOS SILENCIOS, Beatriz Seigner (Brasil)
Amparo amarekin iritsiko dira Nuria eta Fabio Brasil, Kolonbia eta Peru arteko mugan dagoen uharte ezezagun batetara. Kolonbiako gatazka armatutik ari dira ihesean. Ihes egiteko bide horretan, iragana atzetik dutela ohartuko dira, ez dagoela izkin egiterik. Seignerren lehenego filma dugu hau.
- LUCIERNAGAS, Bani Khoshnoudi (Mexiko)
Ramin irandar gazte homosexuala da. Bere herrialdeko zapalkuntzari ihesi, eta Turkiatik itsasontzi batean gordeta bidaiatu eta gero, Veracruz (Mexiko) hirian bizi da egun. Itzela da haren sentimenduetan ageri den paradoxa: oroiminez eta herriminez jota dabil, baina Irandik urrun aurkitu berri duen askatasunaz gozatu nahi du.
- PERRO BOMBA, Juan Cáceres (Txile)
Steevens haitiarrak bizimodu sinple eta egonkorra darama Txilen: lana, etxea, lagunak eta festak. Junior, haren txikitako laguna, Txilera iritsiko den arte.
Steevensek lana lortuko dio, baina Junior liskartia da, eta, hark egindako istiluen ondorioz, nagusia kolpekatuko du Steevensek. Albistea birala egingo da, eta komunitateak, lagunek eta inguruko guztien arbuioa jasoko du gazteak. Paperak eta etxebizitza galduko ditu, eta nora gabe ibiliko da hirian barrena, bizitzari berriz kiteko babes bila. Gizartearen alde ilunenetako bat jorratu du Caceres zuzendari txiletarrak bere ‘Opera Prima’ izango denean.
- TEMPORADA, Andre Novais Oliveira (Brasil)
Barnealdeko Itaúna hiritik Contagemeko metropoli-eremura aldatuko da Juliana, eskualde horretako gaixotasun endemikoen aurka lan egiteko. Lan berrian, beretzat ohiz kanpokoak diren pertsona eta bizi-baldintzak ezagutuko ditu, eta bizitza aldatuko diote.
- YA NO ESTOY AQUI, Fernando Frias (Mexiko)
Ulises Samperio, 17 urteko gazte mexikarraren bidaiaren berri ematen du filmak. Kartel bateko kide batzuekin gaizki-ulertua izan eta gero, Estatu Batuetara alde egin beharko du, bere bereizgarri handienak atzean utzirik, lagunak eta hain gustuko dituen dantzaldiak. Ahaleginak eta bi egingo ditu herrialde berrira egokitzeko, baina laster ohartuko da bakardadeari aurre egin baino, nahiago duela etxerea itzuli.