A Wrinkle in Time

Madeleine L’Engle idazleak idatzi zuen izen bereko eleberrian oinarritu du Disney industriak bere azken arrakasta.  Desagertutako aitaren bila, espaziorako bidea egiteari ekingo dio Meg protagonistak, Charles anaia eta Calvin lagunarekin batera.  Bidean, hiru pertsonaia harrigarriren laguntza izango dute.

Eredu klasikotik aldenduta, azken filmeen norabideari eutsi dio oraingoan ere animazioaren monstruoak. Neskatxa gaztea izango da protagonista, ausarta eta heroia; eta mutil lagunak, bigarren mailako pertsonaiak. Aurpegien artean, Hollywoodeko aldarri feministen ikur bilakatu diren Oprah WinfreyReese Witherspoon eta Mindy Kaling.

Winchester: The House that Ghosts Built

Beldurrezko generoan espezializatu diren Spierig anaien azkeneko lana dugu hau. Winchester etxearen inguruan dagoen kondaira irudikatuko du pantaila handian: Sara Winchesterren (Helen Mirren) esanetara diseinatu zuten, mamuek jazartzen zutelaren paranoiapean, 160 gela eta inora ez zeramaten eskailera ugari eraikiz. Ezkutaleku berriak zeuden bitartean, izpirituek ez omen zuten harrapatuko.

Etxe sorgindu baten inguruan idatzitako film batengandik espero ditzakegun estereotipo guzti hoiek topatuko ditugu, gertakari erreal batean oinarritutako istorio batean txertatuta.

Loving Pablo

Pablo Escobar trafikatzaile ezagunaren irudiaren inguruan eraikitako filma da, Virjinia Vallejo kazetariak idatzitako ‘Amando a Pablo, odiando a Escobar’ liburuan oinarritutakoa. Urteetako harremana izan zuten Vallejok eta Escobarrek 80ko hamarkadan, eta kazetariaren bizipenak jasoko ditu ikus-entzunezkoak.

Penelope Cruz eta Javier Bardem aktore laudatuen presentziak emango dio pisua argumentu irrigarria duen istorioari. Pisurik badu, noski.

L’Embarras du choix

Hartzen ditugun erabakiek ezinbestean markatzen gaituzte. Hartzen diugun erabakiek janzten dute gure bizitza. Juliette, ordea, ez da erabaki bakarra ere hartzeko gai. 40 urterekin lagunen menpe bizi da oraindik, hauek dena erabaki dezaten bere izenean. Paul eta Ettiene ezagutuko dituen arte… Inork ezingo baitu bere izenean sentitu.

Hartzen ditugun erabakiek ezinbestean markatzen gaituzte, aukera bakoitzean zerbait irabazten delako, baina zerbait galdu ere.

The Death of Stalin

1953ko martxoak 2an jazotako heriotza batetik abiatzen da filma. Gizon baten heriotza. Josef Stalin da gizona, sobiertar politikaria, SESBeko bigarren buruzagi gorena. Kartak ondo jokatuz gero, zuk bete dezakezu hutsunea.

Filma satira bat da, hileta elizkizuna ospatu baino lehenagoko egunen ingurukoa. Borrokaz beteriko egunak izango dira, manipulazioak, xantaiak, traizioak… hain da erakargarria boterea…