Aurkeztu dute Bidasoako XVIII. Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa

Bidasoako XVIII.Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa aurkeztu du Irungo Oiasso Erromatar Museoak.  Urte amaieran ospatuko da jaialdia, azaroaren 19tik 24ra, baina gaurtik hasita maiatzaren 15ra bitartean egongo da zabalik pelikulak bidaltzeko epea.

FICAB_XVIII_2018

Arkeologoek egindako lanetatik abiatuta sortu diren ikus-entzunezko lanen bidez, lan  horien sustapena eta dibulgazioa ziurtatuz, jendeari arkeologia ezagutzera ematea du helburu zinemaldiak.  Bi atal izango ditu: Sail Ofiziala eta Hezkuntza Saila. Inskribatutako film guztiak bi sailetako edozeinetarako hartuko dira kontuan, bakoitzaren ezaugarrien araberak, eta jaialdiko Hautaketa Batzordea arduratuko da pelikulak aukeratu eta banaketa egiteaz.

Honako sari hauek banatuko dira: Jaialdiko Sari Nagusia (2.000€), Publikoaren Sari Berezia (1.000€), Orona Fundazioaren Saria Hezkuntza Sailari (600 €) eta Zientzia Dibulgazioaren Arkeolan Saria (hobari ekonomikorik gabekoa). Hautatutako film guztiek izango  dute Publikoaren Sari Berezia eta Arkeolan Saria lortzeko aukera,  baina Sari Nagusia Sail Ofizialeko lan bati emango zaio, eta Orona Fundazioarena Hezkuntza Saileko film bati.

Genero guztietako ikus-entzunezko sorkuntzek (dokumentalak, erreportajeak, ikerketak…) parte hartu ahal izango dute jaialdian. Edozein nazionalitateko pertsona edo erakunde publiko edo pribatuk ekoitziak izan daitezke, baldin eta horien edukiak arkeologiari eta bere teknikei, etnoarkeologiari, arkeologia ondareari eta haren kontserbazioari egiten dion erreferentzia.

  • Ikusi parte-hartze baldintzak hemen.
  • Deskargatu izen-emate inprimakia hemen.