Kritika: ‘Red Sparrow’

red-sparrow-kartelaZuzendaria: Francis Lawrence

Urtea: 2018

Herrialdea: AEB

Dominika dantzaria da, oholtzaren gainera igo eta ikuslegoaren aurrean bere hegaldiari ekiten dio: Arina, bizkorra, laban baten habileziarekin. Zorrotza da, berezia, eta liluragarria, nola ez, Jennifer Lawrence dago edertasun guzti hori biltzen duen hegaztiaren atzean, egunerokotasunean topatzen dugun txori arruntaz mozorrotua. Txolarrea delako Dominika, txolarre gorria.

Zintak espioitza film bat erakusten digu, aspaldidanik ikusten ez nuen bezalakoa, irrika eta jakinmina sortzen duen horietakoa, esan bezala Jennifer Lawrence dugu alde batetik, Joel Edjerton bestetik, biei magnetismoa darie azaleko poro guztietatik. Sekretu, planifikazio, gezur eta tranpen artean aurkituko ditugu pertsonaiak, nahiko ongi eraikia dagoen traman. Ez galdetu zergatik baina Polanskiren Frantic filma gogorarazi zidan momentu batzuetan, egunotan girotzen delako agian, europar hiriak… ez dakit.

Baina hor dugu txolarrea, espiotzan trebatua, amaierarik gabeko tranpen zurrunbiloan bizirauten, arteen gainetik jauzi eginez. Eta indarkeria ikusiko dugu, bortxa, eta sexu biluzia. Inteligentzia agentzia sekretuak darabilten trikimailu eta tortura moduak ikusiko ditugu, tamalez gurean aski ezagunak direnak; galdeketa luzeak, eta jasan ezinak, mehatsuak arma lepoan.

Esan bezala tramak bukaerara eramango gaitu, modu trebean, arinean, eta gure arreta mantentzeko gai izango da zuzendaria, gidoi eta muntaia arina eta dinamikoaz baliatuz. Baina ez dira dena loreak izango, ez bada. Gidoia eta muntaia trebeak badira ere tranpatiak dira oso, eta istorioak protagonistari dion estima agerian geratuko da, gehiegi agian. Bai, maiteko dugu Dominika, eta bere alde egingo dugu, baina errezegi jartzea ez da kontua. Matahari moderno honen morala perfektuegia izango delako, beti izango duelako aitzakia, azalpena edo zergatia egiten duena barka edo uler dezagun. Eta ez guk bakarrik. Pertsonaiek ere bere berezitasuna antzemango balute bezala zinta guztian zehar erakusten den krudeltasun gupidagabea ez zaiolako guztiz ezarriko gure txolarreari, agian trebeegia delako, agian gidoilarien kuttuna delako. Baina nabarmenegia da, eta ez dirudi sinesgarria, azkenean zorte gehiegi ez ote du izango Dominika gaixoak, beti amildegiaren ertzean baina beti salbu. Hala ere aktoreen lana interesgarria da, gidoia alde batera utziaz, Lawrence eta Edgerton bikote basatia osatzen baitute, sinesgarri eta benetakoa, animalia zaurituak biak, elkarrengandik ihesi eta elkarren bila etengabean, nor eta zer sinistu ez dakitela.

Gozagarria beraz konspirazio politikoaren aitzakiarekin eraikitako lana, gerra hotzaren ondorio isilak erakutsi nahi dizkiguna, bukatzeko soinu bandarekin utziko zaituztet, interesgarria baita, indarrez betea. Ekialdeko irmotasuna, eta bukatzeko Mozarten 1 zenbakidun piano sonata, Andante, prest, echappé, pas de bourrée, pique, jarrai dezagun txolarrearen dantza, garaman tokira garamala, berarekin salbu egongo garelakoan nagoelako.