Jabier Baraiazarra izango da Nazioarteko Mendi Zinemaldien Elkargoaren presidente berria

International Alliance for Mountain Film (IAMF) nazioarteko mendi zinemaldien elkargoak Jabier Baraiazarra izendatu du lehendakari joan den asteburuan Eslovenian egindako batzarrean. Bost kontinente eta 18 herrialde ordezkatzen dituzten 23 jaialdik, Bilbao Mendi Film Festival  tartean,  eta Torinoko (Italia) Musseo Nazionale della Montagnak osatzen dute IAMF erakundea. Gaitegi horretako zinema industriaren ardatza da egun.

Jabier-Baraiazarra-mendifilm2000 urtean sortu zen IAMF, eta haren laugarren presidentea izango da Jabier Baraiazarra. Bilbao Mendi Film Festivaleko sortzaile eta sustatzaile nagusietako bat izan zen honen hastapenentan orain hamar urte, eta jaialdiarekiko binkulazio zuzena izan du orduaz geroztik. Ilusioz eutsi dio kargu berriari: “Une garrantzitsua da hau mendi zinemagintzarentzat. Teknologiak ekarritako aldaketek eta zuzendari gazteen belaunaldi berriek indarra eman diote generoari, hazkundea nabarmena izan da bai ekoizpen kopuruetan zein kalitatean, eta baita ikusle datuetan ere. Mendia, abentura eta natura gaien inguruko zinemagintza bogan dago”.

Loraldian dagoen joera berri honi, eta IAMF-ek sustatuko dituen ekimenei bisibilitatea ematea izango da gidatuko duen zuzendaritza talde berriaren ardura. Harekin batera, Trentoko (Italia) jaialdiko ordezkari den Roberto de Martin izango da lehendakariordea,  eta Torinoko Musseo Nazionale della Montagnako Marco Ribetti zuzendariordea izango da koordinatzailea. Aholkulariak, bestalde, Basanta Thapa eta Silvo Karo izango dira, Kathmanduko (Nepal) eta Domzaleko (Eslovenia) zinemaldiko buruak.

2018ko abenduan, Mendi Film Festibala bete-betean izango dela, egingo dute hurrengo bilera. Hitzordua, Baraiazarraren izendapenarekin batera, mugarri garrantzitsuak izango da Bilboko hiria mendi zinemagintza generoarentzat eta industriarentzat erreferente bilakatu dadin.