Emakumeak eta gai sozialak nagusitu dira Zinegoak jaialdian

Bi astez luzez Bilbo hiria jarduerez blaitu ostean, igande gauean eman zituen aditzera Zinegoak jaialdiak aurtengo edizioaren irabazleen izenak. Ivana Mladenovic zuzendariaren Soldatii. Poveste din ferentari  eta Nada M. Hafaiedh zuzendariaren  Au-delà de l’ombre izan dira aurtengo saridun nagusiak. Zuzendari onena, bestalde, Marcelo Caetano izan da Corpo Electrico filmari esker.

soldatii-2Soziala, emakumezkoen protagonismoarekin, probokatzailea eta hunkigarria:  horrela deskribatu dute antolatzaileek aurtengo sari-zerrenda.  Saria jaso duten lanei erreparatuta,  gai sozialak eta emakumeak izan dira protagonistak. Azken hauen kasuan, saritutako hamabi  lagunetatik, hamar emakumeak dira.  Fikzioaren atalean Ivana Mladenovic  errumaniarra nagusitu da Soldatii. Poveste din ferentari  filmarekin.  “Aurreiritziz betetako testuinguru batean murgiltzen gaitu, errespetuzko begirada galdu gabe, baina ezinezkoa dirudien intimitatean”, azaldu du epaimahiak.  Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean ezagutu genuen filma, eta, orduan ere, hautsak harrotu zituen bertako publikoaren artean.

Dokumentalei dagokienez, Au-delà de l’ombre  lana saritu dute. LGTBI kolektiboko kideek zein emakumeek Tunisian bizi duten egoera gordina utzi nahi izan du agerian Nada M.Hafaiedh zuzendariak  epaimahiak  “zinema konprometituaren adibide” izendatu duen pelikula honetan. Zapalduta dauden pertsona ugariren kontakizunak ezagutaraziko ditu, Amina Sbouien, Femen kolektiboko partaide ohiaren, ahotsaren bidez.

Zuzendaritzarik onenari emandako saria da jaialdiko hirugarren aitorpen nagusia. Marcelo Caetano brasildarrak jaso du, Corpo Electrico lanaren bidez  “modu zoragarrian erretratatzen dituelako kamera aurrean ageri diren loturarik gabeko biziak, kameraz kanpo geratzen dena ere gerturatuz”.  Clarisa Navasek eskuratu du, bestalde, goidoi onenaren Zinegoak saria.  Maitasun harremanak, aurreiritziak “modu organikoan” erakusten dituelako, eta hori esker, gazteen sexualitatea eta adiskidetasuna ezagutzera eman izanagatik saritu dute zuzendari argentinarraren Hoy partido a las tres lana.

Aktoreak saritzerako unean, Marcelo Caetanoren eta Juliana Rojasen A boas maneiras filma izan da nagusi. Izan ere, bertako aktore diren Isabel Zuaak eta Marjorie Estianok eskuratu dituzte protagonista onenaren eta taldeko aktore onenaren sariak.

Aipaturikoez gain, film labur onena,  Off  Narratiba Berriak saileko irabazlea,  Aniztasunaren eta Giza Eskubideen sariaren irabazlea,  Lesbianismo eta Generoaren epaimahaiaren saria eta Gazte epaimahiaren aitorpena banatu zituzten igandean.  Hemendik aurrera, eta apirilaren 14a bitartean, Euskal Herriko 40 udalerri baino gehiagotan antolatuko dituzte jarduerak.

Sari banaketaren informazio zabalagoa ezagutzeko, ikusi hemen.