Aurkeztu dituzte ‘Oreina’ filmaren lehen irudiak

Txintxua Films ekoiztetxeak ‘Oreina’ filmaren lehen irudiak aurkeztu ditu Berlingo Nazioarteko Zinemaldiko azokan. Hainbat lan-saio egin dituzte nazioarteko salmenta eta banaketa-eragileekin, eta filma oraindik post-produkzio fasean badago ere, heldu da lehen fotogramak aurkezteko unea.

Koldo Almandoz zinegileak errodatutako fikziozko lehen film luzea da. Aurretik  Sîpo Phantasma dokumental esperimentala eta beste hainbat film labur egin izanagatik dugu ezaguna. Munduarekiko duen ikuspuntu pertsonala eskaini nahi izan du OREINA filmaren sorrerarekin.

Sei astetan errodatu zuten lana aurreko udazkenean. Besteak beste, Gipuzkoako Usurbil, Aginaga, Orio, Zubieta, Donostia eta Oiartzun, eta Nafarroako Elkano herrixketako paisaiak izango dira ikusgai.

Zuzendariak aurreratutakoaren arabera, periferiari buruzkoa da filma,”Hiriek, industriaguneak, landa eremua eta natura basatiak bat egiten duten lekuak” eta “nonbait bizi eta beste norabait doazen jendeak” erretratatzen dituena.

OREINA_making1