Zabalik da Kimuak 2018 deialdia

Ireki dute KIMUAK programaren 2018ko ediziora lanak aurkezteko deialdia. Iragan ostiraletik, martxoak 1, maiatzaren 25era bitartean egongo da zabalik. Egileak EAEn erroldatuta egon behar dute, eta aurkeztutako lanak 2017ko ekainaren 1etik aurrera errodatutakoak izan beharko dira. 

kimuak-logo

Euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez, Euskadiko Filmategia Fundazioaren laguntzarekin batera bideratutako programa honek. Lehiaketan hautatzen dituzten film laburrak KIMUAK izenpean jasoko dira, eta izen-emate tasarik ez duten nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.

Aurreko edizioetan bezala, hautaketaren parte izan nahi duten zinegile eta ekoiztetxeek, 2017ko ekainaren 1etik aurrera grabatutako lanak bidali ahalko dituzte, beti ere 30 minututik beherako iraupena badute (kredituak barne).

Beharrezkoa izango da, halaber, zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izatea. Zuzendariak aurkezten badu, deialdira aurkeztu baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatua dagoela frogatu beharko du, edo bertan bost urtez jarrraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Filma ekoizleak aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana koprodukzioa bada, euskaldunak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Horretaz gain, ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren lanak. Telebistan, interneten edo beste edozein plataforma publikoren bidez hedatutako horien onarpena kasuz-kasu aztertuko duela jakinarazi dute antolatzaileek.

Edozein gai, genero, formatu edo hizkuntzatan errodatutako lanak onartuko dituzte, eta aipatutako baldintza guztiak betzen baditu, egileak nahi adina film aurkeztuko ahalko ditu.

Kontsultatu oinarrien informazio zabalagoa hemen.