‘The Shape of Water’ filma gailendu da Oscar sarietan

Hautagaitza gehien zituen filma zen Guillermo del Toro zuzendariaren “The Shape of Water”, hamairu hain zuzen ere. Protagonista bilakatzeko aukera gehien zituen hautagai bezala lehiatu da, kinielak guztiak bete dira, eta lau sari eskuratu ditu, tartean bi nagusienak, zinegile mexikarraren azken lanak. Frances McDormand, Gary Oldman, Allison Janney  eta Sam Rockwell izan dira gaueko beste protagonistak.

oscar-2018-5

 Urtero bezala, Los Angeleseko Dolby Theatre delakoan ospatu dute, bart, pasa den urtean zinemak eman dituen onenak saritu dituen gala. Jimmy Kimmel komediagileak aurkeztu du bigarrenez, eta iragarri bezala, arina, dibertigarria eta errebindikatzailea izan da. Aldarri feministak eta emakumeen jazarpenaren aurkako mezuak etengabeak izan dira Kimmelen zein saritutako profesionalen hitz-hartzeetan. Konstanteak izan dira ere hauek erantzun dituzten publikoaren txaloaldiak.

Besteen hautagaien gainetik nabarmendu dira azken asteetan kiniela guztietan izan diren hiru film. Bazirudien haien arteko lehian egongo zela borrokarik handiena, eta hala izan da azkenik ere. Guillermo del Tororen The shape of water izan da edizioko faboritoa, 13 hautagaitzarekin. Horietatik lau eskuratu ditu bart, pelikula onena, zuzendari onena, ekoizpen diseinu onena eta soinu banda onenarenak. Cristopher Nolan zuzendari laudatuaren Dunkirk izan da gaueko beste protagonista. Hiru sari jaso ditu, denak alderdi teknikoari dagozkionak, soinu nahasketa, soinu muntaia eta muntaia orokorrarenak hain zuzen. Three Billboards Outside Ebbing, Missouri izan da edizio honetako hirugarren pisu astuna, eta, espero bezala, arlo artistikoan jaso du aitorpena. Bortxatu eta erahildako amaren papera jokatu duen Frances McDormand aktoreak irabazi du emakumezko interpretazio onenari emandako saria, eta Sam Rockwell sekundarioak taldeko aktore onenarena.

Gainontzean ere esan daiteke sorpresarik gabeko ekitaldia izan dela. Aktore onenaren saria mundu mailan aski ezaguna den Gary Oldmanentzat (The darkest hour), taldeko emakumezko aktore onenarena Allison Janneyentzat (I, Tonya)… aurretik aipatutako beste interpretazio sariak bezala, Urrezko Globoetan errepikau ziren denak.

Ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onenaren saria Sebasian Lelio txiletarraren Una mujer fantastica filmarentzat izan da eta animaziozko film onenaren saria Coco mexikarrak eskuratu du. Jatorrizko gidoi onenaren saria, ostera,  Jordan Peeleren Get Out thrillerrak eraman zuen, eta egokitutako gidoi onenarena James Ivory estatubatuarraren Call me by your name zintak.

oscar-2018-4

Aldarri kopurua gora

Gau osoan zehar entzun ahal izan ditugun aldarrikapenei dagokienez,  aldea nabaritu da duela hilabete inguru urrezko globoetan bizitakoarekin. ‘Time’s up’ eta #MeToo mugimenduetako aktibistek dresscode zehatz bat ezartzeari uko egin diote oraingoan, eta ez da kolore beltzik nagusitu emakumezkoen janzkeran.

Badirudi epe-luzera begirako borroka eredu berri bat sortzeko ari direla lanean, eta galarako ekintza zehatzak iragarri bazituzten ere, eredu berri honek ez dituela alfonbra gorrian egindako errebindikazioak izango oinarri. Esparru artistikotik haratago iritsi nahi dute, eta datozen hilabeteetan espazio berriak hartuko dituztela aurreratu dute.

Hauekin batera, #NeverAgain mezuaz zipriztindutako aldarrikapenak ere entzun ditugu zenbait gonbidatu eta saridunen ahotan. Orain bi aste Floridan gertatutako tiroketak bultzatu du ekimenaren sorrera, eta botere legegilea presionatzea du helburu armen salerosketa mugatuko duen legeak sortu ditzaten.

oscar-2018-2

 

Palmares osoa jarraian:

Film onena: The shape of water (Guillermo del Toro)

Zuzendari onena: Guillermo del Toro (The shape of water)

Emakumezko aktore onena: Frances McDormand (Three Billboards Outside Ebbing, Missouri)

Gizonezko aktore onena: Gary Oldman (The Darkest Hour)

Taldeko emakumezko aktore onena: Allison Janney (I, Tonya)

Taldeko gizonezko aktore onena: Sam Rockwell (Three Billboards Outside Ebbing, Missouri)

Jatorrizko gidoi onena: Jordan Peele (Get out)

Egokitutako gidoi onena: James Ivory (Call me by your name)

Argazkigintza onena: Roger Deakins (Blade Runner 2049)

Ekoizpen diseinu onena: Paul D. Asterberry, Jeffrey A. Melvin eta Shane Vieau (The Shape of water)

Animaziozko film onena: Coco (Lee Unkrich eta Darla Anderson)

Ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onena:  Una mujer fantastica (Sebastian Lelio)

Dokumental onena: Icarus (Bryan Fogel eta Dan Cogan)