Kontzertu ekonomikoaren 140 urteak ‘Por derecho propio’ dokumentalean

Euskal Kontzertu Ekonomikoaren 140 urteko ibilbidea errepasatu du Por derecho propio dokumentalak, New Digital Media Euskadi ekoiztetxeak Euskal Telebistarentzat ekoiztutako filmak. 1897tik 2018ra, jatorritik, Foruetatik, abiatuz gaur egun arte ezarri den arau multzoaren inguruko azalpena izango da, historialari eta sistema demokratikoaren bilakaeran protagonista izan diren norbanakoen kontakizunak tartekatuz. Bilboko Arriaga Antzokian estreinatu zuten, otsailaren 28an, 1878an onartutako kontzertuaren urtemuga egunean.Por-derecho-propio

Maite Ibañezek eta Begoña Atinek gidatu dute proiektua, eta Eusko Jaurlaritzaren zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa izan du uneoro. Fikzio historikoa, historialariei egindako elarrizketak eta trantsizio espainiarretik gaur egunera arte egindako zuzeneko kontakizunak tartekatzen ditu, kontzertua hika-mika politikoen erdigunean dagoen honetan, Erdi Aroko pribilejioa edo eskubide historikoa den ulertzeko.

Dokumentala lau garaitan banatuko da, eta Urko Olazabal aktorea izango da protgonista. Lehena, Fernando Katolikoa erregeak 1476ean Gernikan foruak zin egin zituenekoa; bigarrena, Bergarako Besarkada, 1836an Espartero eta Marotoren artean, lehen karlistadaren ondoren; hirugarrena, Canovas del Castilloren forua indargabetzeko legea 1876an, eta azkenik, laugarrena, Agirre lehendakaria erbesteratu zenekoa, eta Francok Bizkaia eta Gipuzkoan Kontzertua indargabetu zuenekoa.

Diktadorea hil ondoren, Eusko Jaurlaritzak euskal lurralde guztientzat Kontzertu Ekonomia berreskuratzea izan zuen helburu nagusi. Hortik aurrerako historia ezagutzeko, 1978tik hona protagonista nagusi izan diren norbanakoak elkarrizketatuko ditu Arantza Ruiz kazetariak. 40 urte hauetako bidaia errezago ikustaratzeko trantsizioko eta demokraziako artxibo irudiak erabiliko ditu. Harekin batera, Alberto Santana, Miren Alberdi, Mikel Alberdi, Roldan Jimeno, Iñaki Goigana, Leyre Arrieta eta Eduardo Alonso Olea ikerlarien ahotsak ere jasoko ditu ikus-entzunezkoak. Orotara, hamazazpi aditu eta protagonista elkarrizketatu dituzte dokumentalean.