2018ko laguntza-politika iragarri du Aldundiak

Gaur iragarri ditu Gipuzkoako Aldundiak  2018an emango diren laguntza-programaren xehetasunak. Orotara, 2,3 miloiko aurrekontua zuzenduko dute ekoizpen kulturala sustatu eta finkatzeko, eta hainbat helbururi erantzungo die aurtengo deialdiak: Laguntzen sistemarako bidea arintzea, proiektu eta ekimen kulturalen nazioartekotzea erraztea, aurreko urteetan martxan jarritako programen sendotzea eta lurraldeko kultura eskaintzaren zein proiekzioa indartzea.

2018-LAGUNTZAK-GFA

Mugarria izan zen 2017 urtea kultura indartzeko sistema berritu eta indartzeko garaian.  Denis Itxaso Kultura diputatuaren hitzetan, “sustapena eta sormena aldatzen ari dira azken urteotan, berrikuntza etengabea da, eta laguntza banaketak lurralde osoan orekatua behar du izan”.

Hala, aldaketa nabarmenak egin zituzten laguntzak banatzeko xedeari zegokionean: “Gorabide fasean zeuden proiektuak babestea zen helburua. Ohartu ginen lehia injustua zegoela txikiak, hasiberriak, eta esperientziadunak ziren horien artean, beti lehenegoen kalterako. Sistematikoki errepikatzen zen egoera, eta ikusi genuen beharrezkoa zela haientzako ekosistema berezi bat sortzea. Desabantaila horren aurrean, nolabaiteko babesa bermatuko zien laguntza bat”.

Kultura gizarteari zabaltzea, sortzaile eta proiektu berriak bultzatzea, ibilbide bat egina zuten proiektuen sendotzea eta gizarte-eraldaketa bultzatzea izan ziren proposatutako sistema berriaren abiapuntuak.  Iazko estruktura borobildu nahi dute 2018an: programak sozializatu, zabaldu, sendotu, eta, oro har, kulturaren presentzia finkatu.

Sortu berri duten K-bulegoa arduratuko da, tokiko eta hurbileko esparru batetik, zaintza hori bermatzeaz. Laguntza eta aholkua emango die kulturaren agente diren norbanako zein erakundeei. Horretarako, honako funtzio hauek garatuko ditu: Kultura Departamenduaren deialdi eta laguntzen informazio zerbitzu personalizatua; bitartekaritza kultura-sustatzaileen eta GFAren artean; ikus-entzunezko edukien sorkuntza bidezko sustapena eta zabalkundea departamenduaren sareetan; kultura-agenteentzat baliagarri suertatu daitezkeen datu-base batzuen sorrera; eta ikerketa eta prestakuntza.

Itxasok azaldutakoaren arabera, “Kultura-sektorearen hazkundea eta bideragarritasuna sektorea beraren indarra eta proiekzioarekin daude lotuta”, eta berebiziko garrantzia zuen eragileak kostu ekonomiko handiari aurre egiten lagunduko dituen deialdi eraginkorra eratzea. Hala, “sustapen-ildoak sendotzen eta optimizatzen” ditu Kultur Zuzendaritzak eratutako laguntza sistema berriak:

  • MUNDURA. Proiektu eta ekimen kulturalak nazioartekotzeko. Pertsonei zein irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzendua dago, betiere ibilbide jakin bat duten proiektuak eta proiektu horiek garatzeko nazioartean proiektatzeko aukerak badituzten. Zenbatekoa: 90.000€
  • SUSPERKA. Proiektu berriak bultzatzea eta kultura-panorama berritzea du heburu, eta gorabide fasean dauden proiektu eta egitura berritzaileentzat dago bideratua. Zenbatekoa: 100.000 €
  • OREKA. Ibilbidea egina duten egiturak indartu eta profesionalizatzea du helburu, horiem profesionalizazioa sendotza. Zenbatekoa: 560.000 €
  • OLATUAK. Gizarte-eraldaketarako bokazioa duten proiektu horiei zuzentzen zaie, eta hiriburutzaren legatua biltzea eta balioan jartzea du xede. Zenbatekoa: 150.000 €

 

Aipatutako hauei, oraindik onetsi ez dituzten beste hainbat gehituko zaizkie ikasturteak aurrera egin ahala:

  • LANABESA. Ikus-entzunezko ekoizpena eta arte eszenikoen indartzea hartuko ditu bere gain aurrekontuaren sail honek. Banaketa ahalbidetzea, eta, orohar, produkzioa indartzea du helburu. Zenbatekoa: 300.000 €
  • IZANGO ZARA. Talentu beka izaera izango dute, arte plastikoetan, arte eszenikoetan, eta abarretan espezializatu nahi duten gazte sortzaileentzat. Zenbatekoa: 184.000 €
  • META. Komunitatea sortzeko eta auzolan partaidetza bitartez sustatzeko gaitasunak duten proiektuak hartuko ditu. Zenbatekoa: 115.000 €
  • KULTURA BONOA. Kulturaren BEZa konpentsatu, eta zenbait kasutan itzultzeaz gainera, kulturaren kontsumoa sustatzeko xedea izango du. Zenbatekoa: 85.000€

 Aipaturiko hauek, partaidetza publikoa duten proiektuak finantziatzera zuzendurikoak, eta ondarearen zaharberritze zen mantetzera bideratutako horiek osatuko dute guztira bi milioi euroak gaindituko dituen 2018ko laguntza-sistema berria.