Mendia, abentura eta arriskuzko kirolak ardatz dituen Bilbao Mendi Film jaialdiak hamargarren edizioa ospatu zuen joan den abenduan. Ekitaldia urte osoan zehar zabaltzearen apostua egin zuen orain urte batzuk antolakuntzak, eta, hala, martxoa Mendi Tour hilabetea izendatu dute. Festibaleko ale onenak, mendiko zinemagintzako alerik gaurkotuenak alegia,  ikusteko aukera zabala eskainiko da Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Val d’Aran eta Asturiasko hainbat herritan. Mendi-Tour-2018

Gipuzkoari dagokionez, Eibar, Tolosa eta Eskoriatzan egingo dituzte saioak, azken urteetako joera errepikatuz. Eibarren laugarren edizioa izango du Mendi Tourrak, hilaren 6an eta 7an, Coliseo Antzokian. Tolosak, ordea, zortzigarren ekitaldia izango du aurtengoa. Aitzindari izan zen bere garaian, eta horrek urteetan ikuslego fidela mantentzeko balio izan dio. Iaz, esaterako, 1.500 mendizale bildu ziren Leidor Antzokian. Martxoaren 12an, 13an eta 14ean ospatuko dute aurten, aurreko urteetan bezain arrakastatsua izateko xedez. Eskoriatzara iritsiko da azkenik, martxoaren 13an eta 15ean.

Egun Bilbon ospatzen den arren, jatorri arabarra du jaialdiak. Izan ere, Gasteizen sortu zen 2008an eta bertan egin zituen lehenego lau edizioak. Urteetako fideltasuna saritu nahian, Agurain eta Amurriora zabaldu dituzte aurten emanaldiak, hilaren 7an eta 8an hain zuzen. Bizkaiaren kasuan, hiru dira prestatu dituzten saioak: Igorren, Santutxun eta Zaldibarren. Bosgarren edizioa beteko du Igorrekoak, Ganzabal Mendi Taldearen eskutik, martxoaren 9an eta 16an egingo dituen emanaldiekin. Santutxuko saioei dagokienez, Bilboko Udalak sustatzen duen Bidaiarien Txokoa zikloaren baitan egingo dira, hilaren 14an eta 16an. Tartean, martxoaren 15ean, bigarren edizioa egingo da Zaldibarren.

Gorakada nabarmena izan da azken urteetan zinema eta mendia uztartzen dituzten zaleen artean. Horren erakusle da azken aldian Mendi Film Fest jaialdiak gure mugaz kanpo ere izan duen ohiartzuna. Hori dela eta, Mendi Tourra hedatzea erabaki dute antolatzaileek,: Reinosan (Cantabria), Canet d’en Berenguer-en (Valentzia) eta Zaragozan izan dira jada, eta datozten egunetan Cangas de Onis eta Vielhara ere iritsiko dira.

Mendi Tour 2018k hartuko dituen datak:

-Zangoza: Urtarrilak 12 eta 16
-Reinosa: Otsailak 3 eta 4
-Vitoria-Gasteiz: Otsailak 19, 21, 22 eta 23
-Canet d’en Berenguer: Otsailak 24
-Granada: Martxoak 5 eta 6
-Eibar: Martxoak 6 eta 7
-Agurain: Martxoak 7
-Amurrio: Martxoak 8
-Vielha: Martxoak 9 eta 10
-Igorre: Martxoak 9 eta 16
-Tolosa: Martxoak 12, 13 eta 14
-Eskoriatza: Martxoak 13 eta 15
-Santutxu: Martxoak 14 eta 16
-Zaldibar: Martxoak 15
-Cangas de Onis: Martxoak 31