Errementari (El herrero y el diablo)

Gure haurtzaroan guztiz errotuta dagoen ipuina delako-edo, aspaldiko ezezaguna dugu Patxiren, basoko errementari zaharraren, istorioa. Sitges-eko jaialdiko Sail Ofizialean eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko jaialdian arrakasta handiak lortu ostean, gure pantailetara iritsiko da azkenean.

Ustez, errementari arriskutsu eta bakartia da Patxi. Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuetan oinarritutakoak… Egun batean, Usue izeneko haurrak agureak ezkutatzen duen egiaz jabetuko den arte.

Seven sisters, (What happened to Monday?)

Etorkizunezko gizarte masifikatu eta goseti batean kokatuko gaitu thrillerra eta zientzia fikzio generoak nahasten dituen film britainiar honek.  Herria gosetuta bizi da, eta gobernuak seme-alaba bakarra edukitzeko neurria ezarriko du. Bada, ordea, zazpi ahizpa biltzen dituen famili bat, biziraun nahian oharkabean jardutera behartua dagoena. Emakumeetako bakoitzak asteko egun baten izena du, eta egun horiek tartekatuko dituzte kalera atera ahal izateko. Egun batean, baina, “astelehena” bahituko dute, eta haren bila aterako dira guztiak.

Fairy Tail: Dragon Cry

Tatsuma Minamikawa zuzendariaren gidaritzapean, animea eta fantasiazko uztartuko ditu. Stella Erreinura bidaiatuko du Natsu Dragneel protagonistak bere lagun taldearekin. Sekretu ilunak eta etsai berriak topatuko dituzte bertan, eta espero gabe, munduaren suntsiketa sahiestu beharko dute.

Red Sparrow

Gogoz kontra, bere burua Segurtasun-Zerbitzu Errusiarreko espioi trebatua bilakatzera behartua ikusiko du Dominika Egorova (Jennifer Lawrence) protagonistak. Betiere bere identitatea mantentzen saiatuz, gorputza arma modura erabiltzen trebatuko da Ergorova, denbora gutxian programako aktibo sendoenetariko bat bilakatuz. Bere lehen misioan,  AEBko Inteligentzia Agentzia Zentraleko Nate Nash (Joel Edgerton) agentea ezagutzera eramango du, eta seguru asko ezaguna egingo zaizue ondoren datorrena: erakarpena, gezurrak, lehia, gerturatzea, leialtasuna eta… arriskua.

Only the brave

2013ko ekainean, Presccot-en, Arizona, izandako sute erraldoia hartuko du oinarri Joseph Kosinsk zuzendariak gidatutako filmak. Granite Mountain Hotshots suhiltzaile taldearen bizipenak ekarriko ditu pantailara, sutearen aurka bizitako borroka eta honek eragindako ondorioak. Heroien film bat, heroiek beraiek kontatuta. Zaharrak berri.

Sin Rodeos

Torrente saga errodatu ostean, gaiatik kanpo aritu da lehenegoz zuzendaria. Pazek bizitza perfektua darama, ustez:  Lana, bikotea, lagunak…  Baina zerbait ez dabil ondo. Larritasun bat dauka, argitasun falta hain zuzen. Etsipenak jota eta konponbile bila, Amil Narayan sendagile indiarrengana joko du. Uste baino indartsuagoa izango da sendalariaren boterea, eta, ustekabean, filtrorik gabeko emakumea bilakatuko da protagonista.

Ez zarete erotu, ez. Nicolas Lopez txiletarraren Sin filtro filmaren ‘remake’ espainiarra delako ezagutuko duzue istorioa. Oraingoan, ordea, Santiago Segura zinegilearen zuzendaritzak eta zenbait aurpegi ezagunen agerraldiak emango dio ukitu gorri-horia.

Last flag flying

Darryl Ponicsan eleberrian oinarritu du filmaren gidoia Richard Linklater zuzendariak. Vietnamgo gudan borrokatu zutenetik 30 urte pasatu direnean, berriro ere elkartuko dira Doc (Steve Carell), Sal (Bryan Cranston) eta Mueller (Laurence Fishburne) beteranoak lehenegoaren semea lurperatzeko. Irakeko gerran borrokatzen ari zela, bere zerbitzu militarreko lehen urtean hil egin dute gaztea.

Beteranoak, guda eta, oro har, sentimendu patriotikoa goratzen dituen filma izan zitekeen, eta izan zitekelako, bada. Tarteka, ordea, komedia zertzelada mozorroarekin jantzitako hausnarketa topatuko ditu publikoak. Ohartzeko gai bada, noski.

Bigfoot Junior

Animaziozko film barregarri eta fantastiko honetan, Adam gaztetxoak misio epikoa jarriko du martxan: kosta ala kosta, desagertutako aita aurkitu nahi du. Nola jakin orduan bere DNAren berezitasuna arbasoen ezohikotasunean topatuko zuenik…

Etxeko txikiek badute zer ikusi eta nola goza.

La vida lliure

Marc Recha zinemagile Kataluniarren hamargarren lana dugu hau. 1910 eta 1919 urteetan zehar kokatuko du istorioa zuzendariak. 1915a da, Tina eta Bielek Menorcako irlan ezkutuan zegoen altxor bat aurkituko dute, eta urrunean dagoen ama langilearenganako bidaia batengatik trukatuko dute. Helmuga urruna antzematen da Tanger bakarrik bidaiatu behar duten bi haurrentzako, beraz, Rom gizon bakartiaren laguntza beharko dute ezinbestean.

Ederra, gozoa eta benetazkoa.