Handia filmaren lantaldeak arrakasta ospatzeko arrazoiak pilatzen jarraitzen du. Izan ere, gure lurraldea konkistatu eta gero, mugaz kanpotik iristen ari dira berri onak: Eneko Sagardoy aktorea saritu dute berriki Punta del Esteko (Uruguai) Nazioarteko Zinema Jaialdiko 21.edizioan.

eneko-sagardoy-zinemaldia

Sagardoyk Handia filmean egindako lana saritu dute Uruguaien, beste behin aktorea filmaren lehen lerrora ekarriz. Lanak hamar Goya sari irabazi zituen otsaila hasieran, besteak beste, Sagardoyk berak gizonezko aktore berri onenaren atalean lortutakoa. Urtarrila amaieran ere, Zinema Idazleen Espainiako Zirkuluaren aitorpena jaso zuen durangarrak.

Aktoreak, ordea, atzean utzi du Handia fenomenoaren itzala, eta egunotan beste lan batzuen aurkezpenetan dihardu. Esaterako, Sartael deabruaren papera antzeztu du gaur estreinatuko den Errementari filmean. Horretaz gain, karteldegian dago ere 2017an errodatu zuen beste filmetako bat: Cuando dejes de quererme.