Kritika: ‘I, Tonya’

I tonyaZuzendaria: Craig Gillespie

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Batzuetan zerbait egitearen debekua jasotzen dugunean, zera horri are eta gogo eta grin handiagoarekin ekiteko bultzada jasotzen dugu.  Hau da Tonya Harding patinatzailearen kasua. Zabor zuria, ikasketa maila eskasekoa, gaizki hezia, latza, aho zikin eta hitz potolo zalea; horrelakoa da gure protagonista, familia edo lagunei aurkeztea, zeure buruari, bitan galdegingo zeniokeena.

Eta hemen dator zinearen koska, edo magia: Ameriketako plastikozko errealitate aurrefabrikatuaren hondakinetatik eratorritako printzesa zatarra, gure heroia bilakatuko da. Zuzendariak Scorsese edo Coen anaien zinemaren kutsua eman dio zintari, iluntasun eta famili zein bikote indarkeria umore mikatzaz hornituz. Izen bereko patinatzailearen benetako kasuan oinarrituko da Tonyaren istroio histrionikoa azaltzeko. Ia sinesgaitzak izango zaizkigun burugabekerien bilduma batuko du filmak, Hardingen ibilbidea azaltzeko, hasieratik bukaerara, hortarako, dokumental faltsuaz baliatuko da eta istorioa aurrera egin ahala nahieran txertatuko ditu testigantzak, istorioa eta protagonisten artean elkarrizketa arras entretenigarria osatuz.

Aktoreen lana goraipagarria da oso, kasu batzuetan aktorea bera benetako pertsonaia dela  sinistarazteraino. Aipagarriak batez ere: Margot Robbie (Tonya), Julianne Nicholson (Tonyaren ama) eta Paul Walter Hauser (Shawn).

Guztiz gomendagarria beraz Craig Gillespie zuzendariaren azken lana, sorpresa itzela delako, patinaia artistikoa arrisku biziko kirolaren mailara igoarazteagatik. Agian meritua Harding andereinoarena da, dena esan beharra dago, baina bai, tira, magnetikoa egingo zaigu istorioa, erakargarriak pertsonaiak eta gertakariak, guztiz sinesgaitza dirudien domio efektu eroa.

Eta gauza bera datorkit berriro burua: Nola eratzen da heroia? Mitoak ez direlako hala nola sortzen, mito ez da jaiotzen, mitoa eraiki beharra dago. Eta kasu honetan patinatzaile olinpikoaren istorioa filmatzea apetatsua zen, zergatik ez.

Bi istorio daude hortaz, Tonya Hardi gaizkilearena, kirolari tranpati eta garbi jokatzen ez duenarena, eta bizi baldintza istorio eta egoeren biktima den Tonyarena, arazo eta galarazpen guztien gainetik gailentzen den irabazlearena. Zintak eta zuzendariak erretratu interesgarria egingo digu alde batetik: klixe, topiko eta aurreiritziz eraikitako iragarkizko Amerika. Munduari produktu artifizial eta estereotipikoki prozesatua erakutsi nahi diona, bestetik: amerika biluzia, kalekoa, auzo eta herri xumeena, amerikar sentitzen diren baina argazkian ateratzeko eskubidea ukatzen zaien horiena.

Ni Tonyaren aldekoa naiz, gaizkile maitagarriena, tranpati erakargarriena baita. Eta, gainera, Axe hirukoitza egiteko gauza den bakarra.