Gaur, otsailaren 28an, hasiko dira Laburbira 2018 film laburren zirkuituaren emaldiak. 15.edizioa beteko du aurten ekitaldiak, eta gaurtik hasita martxoaren 28ra bitartean, Euskal Herrian eta euskaraz sortutako filmak erakutsiko dituzte 29 herritan barna.
Helburu birekin antolatzen du Laburbira zirukutua Euskaltzaleen Topaguneak: euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea, eta euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabaltzea. 2017an jasotako proposamen guztiak aztertu, eta zortzi film labur aukeratu dituzte 2018ko zikloan zabaltzeko. Guztien artean ordu eta laurdeneko emanaldia beteko dute, eta zenbaitetan egileen solasaldiak egongo direla aurreikusi dute.
Bergaran (20:00etan), Ordizian (20:30an), Azpeitian (21:00tan) eta Lazkaon (21:15an) egingo dituzte, gaur, lehen saioak. Hilabeteren buruan, Arrasaten egingo dute azkena. Besteak beste, Ermuan, Etxebarrin, Usurbilen, Getarian, Gasteizen, Larraintzar-Ultzaman, Irunen, Areatzan, Azkoitian eta Hernanin ikusi ahal izango dira aukeratutako lanok. Gutxi balitz, aurreko urteetan bezala gure mugak gaindituko ditu zirkuitoak, eta Paris, Londres, Valentzia edo diasporako Euskal Etxeetara ere iritsiko da.
Kontsultatu xehetasun gehiago hemen.