Aditzera eman dute Huhezinema jaialdiko Sail Ofizialean parte hartuko dutenen filmen hamarrekoa. Horrekin batera, gainontzeko ataletan lehiatuko diren laburrak, eta sari desberdinak banatuko dituzten epaimahai kideak ere ezagutu ditugu. Martxoaren 23an, Aretxabaletako arkupe aretoan egingo dute sari banaketa ekitaldia, eta egunean bertan izango dira ikusgai filmok hainbat egileren bertaratzearekin. Jaialdiaren aurreko egunetan, ostera, erakustaldia osatuko duten bestelako laburrak proiektatuko dituzte.
Orotarikoak lanak daude ekitaldiaren 11.edizioarako aukeratutakoen artean: eskarmentuzko lanak zein zuzendari berrien filmak; emakumezko zein gizonezko egileen proposamenak; fikzioak; dokumentalak; dialogo gabeko filmak; animaziozko bat… Sariei dagokienez, iazko berberak mantenduko dira: 10 finalistetako bakoitzari 200 euro; Goiena Saria (1.000 euro) euskarazko film onenari, Vertigo Saria (400 euro); Ikusleen Saria (300 euro); eta Mundukide Saria (700 euro) hiru sailetan aurkeztutako film laburren artean Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak hobekien azaltzen dituen film labur onenari.
Aurpegi gaztez osaturiko epaimahia
Euskal zineman jarduten duten profesional gazte zein ezagunak bilduko ditu aurtengo epaimahaiak: Maider Fernandez eta Aitor Arenas zuzendariak, eta Edurne Azkarate aktorea hain zuzen. Besteak beste, haien epaiaren esku egongo dira Goiena Saria, MUko ikasle saileko fikzio onena, dokumental eta argazki onena. Berrikuntza modura, aurten ere Basque Culinary eta Mundukide Saria banatu beharko dituzte. Ostera, ikasleen esku egongo da Vertigo Sariaren banaketa
Sail Ofizialean lehiatuko diren hamar finalistak:
Lisbeth (Aitor Bereziartua) 13’ 52’’
Kreba (Oier Fuentes) 11’ 31’’
Tarde para el recreo (Pablo Malo) 21’ 24’’
Versus (Demetrio Elorz) 8’ 32’’
La Petite Mort (Ana Gonzalez Telleria eta Andrea Landaluce Florido) 4’ 23’’
Euritan (Irati Gorostidi eta Arantza Santesteban) 20’ 35’’
Plagan (Koldo Almandoz) 9’ 58’’
Areka (Atxur Animazio Taldea) 6’ 35’’
Aprieta pero raramente ahoga (David Pérez Sañudo) 15’
Zulo (Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola) 14’