‘Handia’ filmaren eduki gehigarriak eskaintzen dituen DVDa, salgai

Hamar Goya sari jaso dituen Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia filma etxerako bertsioan eskura daiteke jada. DVDak eduki gehigarriak eskainiko ditu, tartean, zuzendariei egindako elkarrizketa eta filmaren making-off delakoa.

Handia filmak aretoetan izandako arrakastaren ostean, 100.000 ikus-entzule baino gehiago hurbildu baitira Migel Joakin Eleizegi ‘Altzoko Handia’-ren historia ardatz duen lana ikustera, filma etxerako bertsioan kaleratu dute: DVD formatuan 9,99 euroren truke, eta Blue-Ray formatuan 14,99 eurogatik. Filmaz gain, Arregiri eta Garañori egindako elkarrizketa, filmaren ekoizpen osoari buruzko making-offa, eta filmaren teaser eta trailerra eskainiko ditu euskarriak.

Horrez gain, Interneteko Filmin eta Movistar+ plataformatan ikus daiteke lana 3,95 euroan, eta maiatzetik aurrera Netflix atarian izango da bertsio originalean, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko azpitituluekin, eta baita gaztelaniaz bikoiztuta ere.