The-Shape-Of-Water-Zinea-Kritika-02Zuzendaria: Guillermo del Toro

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Maitasuna lortzen zaila den zerbait da, horregatik zaigu horren baliotsua, horren preziatua. Horretaz badaki Del Toro zuzendariak, eta nola ez, Elisa filmeko protagonistak. Elisa mutua da, jaiotzez, baina hau ez da eragozpen edo oztopo bat izango bere bizitzan, nolabaiteko dohaina baizik. Elisa munduaren edertasuna ikusteko gauza da, bere isiltasunetik, hitzak tresna baliogabeak bilakatzen direlako, benetako edertasuna ezin delako hitzen bidez azaldu, mututu egiten gaituelako, txunditu, liluratu. Edertasunak, maitasuna bezala, gainezka egiten digulako.

Zuzendari mexikarraren azken lanean ohikoa den poesia aurkituko dugu, argazki landu eta detaile zainduekin. Ez dio denborari eta lanari erreparatuko eraikitzen duen unibertsoa behar bezain modu sinisgarrian pantailaratzeko. Oraingoan naturaz gaindiko izaki bakarra izango dugu, itsasoko lami tankerako gizona. Del Torok, dirudienez, naturaz gaindikoak diren tasunak gizaki soilengan hezurmamitu ditu oraingoan, apaindurarik gabe, haien ekintzek definituko dituztelako berezi, bakar eta benetako gisa.

Horretarako, aktore talde ezin hobeaz inguratu da zuzendaria. Aktore-zuzendaritza lana aipagarria da benetan, eta nola ez, aktoreena: Sally Hawkins, Octavia Spencer, Richard Jenkins eta Michael Stuhlbarg, ongia modu ezin samur eta zintzoagoan irudikatuko dutelako. Michael Shannonek, aldiz, ongi irakatsia digun moduan, gaizki ase ezin eta zekena azalduko digu. Filmak duen alderik ederrena aktoreak izango dira, tamalez, zinta osoan zehar, aldiro, gertatuko dena aurreikustea ez delako batere zaila izango. Aktoreen antzezpenek salbatuko dute argudioaren tenka falta, sinisgarriak egingo dituztelako dagoeneko igarri ditugun egoerak, berauetan murgildurik jarrai dezagun bermatuz.

Zintari Jean-Pierre Jeunet zuzendari frantziarraren hit aski ezagunaren kutsu nabariegia sumatuko zaio, koloreetan eta argazkian ez ezik, baita soinu bandan, girotutako espazioetan eta protagonistari eman nahi dion nortasunean ere; irudikatu nahi izan duen mundu txiki horretan agerikoa da hori. Eta ez dut uste kasualitate hutsa denik, tamalez. Erreferentziak ugariak dira, batzuk asmatuagoak besteak baino.

Ederrena, esan bezala, aktoreen lana da, eta pertsonaiena, nahiz eta topikoekin eraikitako heroiak garai batean baztertutako pertsonak izan, ahantzitakoak, galtzaileak, gizarteari ezeroso suertatzen zaizkionak.

Maitasun istorioari dagokionez, zaila egin zait barneratzea, neureganatzea eta amorrua ematen dit, nahiko nukeelako, itxututa, mututa eta gortuta murgiltzea, lamia eta Elisaren alde egiteko, eta egingo dut, baina pretilaren beste aldetik, edo besaulkitik, erosotasunetik, eta konbikzio faltatik, mezua ulertzen badut ere, ez dituelako behar adina tekla jo.

Hori bai, mezuarekin guztiz ados nago, zuzendariak aipatzen duen Rümï poeta persiarraren hitzekin, eta zintak helarazi nahi digunarekin. Toki guztietan dagoelako maitasuna, halakorik sentitzen dugunean. Labainkorra, formarik gabea, baina bortitza, gupidagabea eta gogorra behar duenean, balantzatuko gaitu korrontean, eta behar adina forma, tankera, espazio eta bolumen hartuko du gure lilura amaitu ez dadin, bihotzak ia lehertzeraino betetzeko, taupaka jarrai dezan.