That’s The Power of… Nostalgia!

Proto-Transmedia. Alice Guy zuzendari aitzindariak berrikuntza teknologikoari esanahia eman zion zinema jaioberria eta narratiba uztartu zituenean. Hasiera batean zerikusirik ez zuten bi errealitate edo formatu aurrez aurre jartzeak galdera anitz eragin zizkion: “Nola konta daiteke istorio bat irudien bidez?”. Galdera hartatik abiatuta, milaka hausnarketa egin zituen, eta gogoeta horiek ikus-entzunezko hizkuntza garatzeko gakoak izan ziren. Hitz bitan: etorkizunari ateak ireki zizkion Alice Guy-ek.

Transmedia. Gaur egungo mainstream zinemaren erdigune bilakatu da. Kontaketa-unibertsoak ikusleen engagement delakoa lortzeko marketing estrategia bihurtu dira. Marvel eta DC superheroien unibertso klonikoak, Star Wars mitologia berriaren fan-service galaxiak, Universal munstroen eguzki-sistema itzalia… Eta hitz bakar batekin justifikatzen da guztia: NOSTALGIA. Argudio horretaz baliatuta, formula behin eta berriz errepikatzen da, narrazio moldeak eta egiturak etengabe kopiatuz. Eta paradoxikoena zera da: ez dela zientzia-fikzioaren generotik irten behar.

Baina zientzia-fikzio honek ez du etorkizunera begiratzen, ez edukian ezta edukiontzian ere. Bere buruari so egiten dio bakarrik. Zinema auto-erreferentziala da, Groundhog Day (Harold Ramis, 1993) filmean gertatzen den bezala, etengabe oraina bizitzen duena. Eta mugimenduaren ilusioa eragiteko, marketing-era jotzen da berriro, reboot, remake, prequel eta spin-off hiztegia sortuz. Irudipenezko hizkuntza, benetako esanahirik ez duena. Esan daiteke bere ardatzaren inguruan biraka eta biraka dabilen zirkulu itxi bilakatu dela zinema mass-mediatikoa, ikuslearen zorabioa eragiteko, agian.

Post-Transmedia. Zinemaren historiak izan duen bilakaera ahaztu gabe, zirkulu itxi horretatik ihes egiteko Alice Guy aitzindariaren espiritua berreskuratu behar da, eta zinema errealitate eta formatu berriekin nahastu, arte elektronikoarekin, esate baterako. Galdera eta behar berriak eragin behar dira, eta horiekin, ikus-entzunezko hizkuntza berriak eraiki. Atzera begiratuz, bai, baina ez lehenago egindakoa kopiatzeko, egindako horretan inspirazioa bilatzeko baizik.