Ekitaldiko film onenei aintzatespena eginez itxi zituen bart bere ateak Bartzelonako Euskal Etxeak euskal zinemari eskainitako jaialdiak. Handia, Converso eta Bi Txirula lanak saritu dituzte, hurrenez hurren, fikzio, dokumental eta euskarazko film onenaren Urrezko Txapelarekin. Hamar egunetan zehar, 2017ak eman dituen film nagusiak izan dira ikusgai zinemaldian.
1979an sortu zutenetik, euskal kultura Katalunian ezagutarazi eta hedatzeko ardura izan du Bartzelonako Euskal Etxeak. Egitarauan jasotzen dituen ekintza guztien artean, indar berezia irabazi du Zinemaldia.cat jaialdiak azken urteetan. Izan ere, Catalunya Film Festivalaren baitan ospatzen den erakustaldi hau, Euskal Herriko mugetatik kanpo euskal zinemari eskaintzen zaion mostrarik handiena da egun.
2017ak emandako bederatzi lan izan dira lehian, hauetako gehienak Donostia Zinemaldian zein beste estreinaldi berezietan soilik ikusiak izan direnak: Volar (Bertha Gaztelumendi), Converso (David Arratibel), Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi), Errementari (Paul Urkijo), Non (Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs), Bi Txirula (Iñigo Garcia Agirrezabalaga), Elkarrekin-Together (Pablo Iraburu, Migueltxo Molina eta Igor Otxoa), Deixar anar / Utzi joaten (Eneko Dorronsoro), Sitio Distinto (Davide Cabaleiro). Sail Ofizialaz gain, bestelako ekimenak ere izan ditu erakustaldiak, tartean Euskadiko Filmategiak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta Etxepare Euskal Institutuak kudeatutako Kimuak programan hautatutako lanen proiekzioa. Otsailaren 8tik 18ra ikusi ahal izan dira denak Cinemes Girona aretoan.
Blai Morell kazetariak, Barbara Destefanis BCN Sport Film Festivaleko kideak, Lluis Marques eta Bruna Cusi aktoreek eta Joan Gonzalez DocsBarcelona jaialdiko kideak osatu dute fikzio, dokumental zein euskarazko film onena saritu dituen aurtengo epaimahia.