Euskaltzaleen Topaguneak ikus-entzunezko jarduna eta sorkuntza sustatzeko hainbat ekimen antolatzen ditu urtean zehar: Durangoko Azokako Irudienea gunea, Kameratoia film laburren rallya, Benito Ansola sorkuntza beka, Laburbira film laburren zirkuitua… Jarduera horien atzean, antolakuntza eta kudeaketa lanetan, aritzen dira Johana Olabarria Ugarte eta Leire Lardizabal Azurmendi Euskaltzaleen Topaguneko kideak. Haiekin bildu gara Durangon egitasmoen helburuak eta erronkak ezagutzeko.
“Azken urteetan ikus-entzunezkoen bueltan mugimendu handia dagoela ikusi dugu, eta ez gazteen artean bakarrik. Horregatik, haiei eskaintzen diegun aisialdia ikus-entzunezkoen ikuspegitik indartzea erabaki dugu”, azaldu digu Lardizabal Azurmendik. Olabarria Ugarteren hitzetan, gainera, euskaraz sortzeko konfiantza eskuratu dugu, konplexu ugari deuseztu ditugu, eta orotariko gaiak gure hizkuntzan lantzeko beharraz jabetu gara. Etorkizunera begira, halaber, eragileen artean indarrak batzea izango da erronka nagusia.
Jarraian duzue elkarrizketaren laburpen bideoa, gozatu!