The Shape of Water
Guillermo del Toro zinegile laudatuaren lan berriak dozenaka sari jaso ditu orain arte, tartean, film onenaren eta zuzendari onenaren Urrezko Globoak, eta martxoan banatuko dituzten Oscar sarietan ere hautagaia da hamahiru kategoriatan. 1963ko AEBetan, Gerra Hotzaren garaian, Elisa izeneko andrazkoa ezagutuko dugu, mutua bera. Gobernuaren laborategi sekretu bateko atezaina izango da. Halako batean, giltzapetuta dagoen gizon-anfibioarekin egingo du topo; esperimentuak egiteko erabiliko dute, baina Elisak interes berezi bat izango du berarekiko, eta pixkanaka, bien artean harreman estu bat sortuko da. Drama poetiko eta eder gisara definitu du lana kritikak.
Cuando dejes de quererme
Igor Legarreta zinemagile bilbotarrak bere lehen luzea aurkeztuko du asteburuan: Cuando dejes de quererme. Laura Buenos Airesen bizi da aitaordearekin. Aita biologikoa haurra zela desagertu omen zen, eta ama-alabek Euskal Herritik alde egin behar izan zuten. Egun batean, baina, dei bat jasoko du, aitaren gorpua Durangotik hurbil dagoen baso batean lurperatuta aurkitu dutela esanez. Auzitegiko frogen arabera, duela 30 urte tiroz hil zuten Felix Careaga. Honenbestez, Laura eta aitaordea Euskal Herrira itzuliko dira Lauraren amaren errautsak bere jaioterrian banatzera eta aita lurperatzera. Bidaian, gainera, Javier Egoskue aseguru agentea ezagutuko dute, eta hirurek elkarrekin Felix Careagaren hiltzailea bilatuko dute. Eneko Sagardoy, Kandido Uranga, Josean Bengoetxea eta Itziar Aizpuru euskal aktoreek, tartean, hartu dute parte proiektuan.
The Party
Kristin Scott Thomas aktorea Janet izango da, Gobernuko ministro izendatu berri duten andrazkoa. Bere lagunek festa bat antolatuko diote izendapenaren harira, baina ekitaldiaren norabidea guztiz aldatuko da, ospakizuna infernu bilakatu arte. Sally Potter zinegile britainiarraren komedia beltzak feminismoa, amatasuna, leialtasuna… izango ditu hizpide Patricia Clarkson, Bruno Ganz, Cherry Jones eta Emily Mortimer, besteak beste, aktoreen eskutik. Berlinale zinema jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu zen iaz.
Black Panther
Jack Kirbyren eta Stan Leeren Black Panther komikian oinarritutako filmak, ostera, T’Challaren istorioa kontatuko digu. Marvel etxearen Capitan America, Civil War filmaren jarraipena izango da, eta beraz, lan horretako jazoeren ostean, Black Panther superheroia etxera itzuliko da, Wakandara. Teknologikoki oso garatuta dagoen urruneko herrialde bakartua da Wakanda, eta Black Phanter bertako errege izendatuko dute. Baina horrek aspaldiko etsai bat erakarriko du, Black Panther Erregea, Wakanada eta mundu osoa arriskuan jarriko dituenak. Chadwick Boseman, Lupita Nyong’o eta Michael B. Jordan dira filmeko aktore nagusiak.
Bonnie Bears: The Big Top Secret
Etxeko txikienei zuzendutako animaziozko film txinatarra. Briar hartza ez da zoriontsua, eta lagunak egiteko asmoz, Hugo gorilak zuzendutako zirkuarekin bat egingo du. Briarren anaia Bramblek ez du anaia non dabilen jakingo, bere lagunei esker, zirkuan dabilela ohartuko den arte. Ondorioz, Briarren bila abiatuko da… baina hark ez du bizimodu berria alboratu nahiko.
En tránsito
Europara bakarrik bidaiatzen duten ama latinoamerikarrei buruzko dokumentala zuzendu du Oskar Tejedor zinegile gipuzkoarrak. Egonkortasun ekonomiko baten bila etortzen dira seme-alabak jaioterrian utzita, baina oso baldintza eskasetan irauten dute, eta horrek ondorio larriak izaten ditu haiengan. Andrazkoei egindako elkarrizketen bidez, migrazioak jatorrizko herrialdeetan zein harrera herrialdeetan dituen ondorioak erakutsiko ditu filmak.
Thank You For Your Service
Jason Hall aktoreak zuzendutako lehen filmak Iraketik itzuliko diren hiru soldadu amerikarren istorioa pantailaratuko du, gertaera errealetan oinarrituta. Bertara joan aurreko bizimodua berreskuratzen duten bitartean, Irakeko oroitzapenak ahazten saiatu beharko dira. Miles Teller, Haley Bennett, Amy Schumer eta Joe Cole aktoreek hartu dute parte drama eta gerra giroa uztartuko dituen lanean.