‘Errementari’ filmaren aurrestreinaldia Gasteizen egingo dute

Paul Urkijo zinegilearen Errementari filmaren aurrestreinaldia otsailaren 26an, astelehena, 20:00etan egingo dute Gasteizko Florida zineman. Sitgesen eta Donostian arrakasta handiz proiektatu ostean, martxoaren 2an helduko da filma zinema aretoetara.

ERREMENTARI

Paul Urkijoren opera prima Jose Miguel Barandiaranen Patxi Errementaria liburuan oinarrituta dago, eta errementariak infernutik etorritako deabruari iseka nola egiten dion erakutsiko digu, Usue neskatilaren begietatik. Karlistaldian girotu du filma, eta XIX. mendeko arabar euskalkia baliatu du istorioa kontatzeko, Araban eta bertako mendietan jazoko baita drama eta beldurra uztartzen dituen lana.

Eneko Sagardoy, Kandido Uranga, Uma Bragaglia, Ramon Agirre, Itziar Ituño, Gorka Aginagalde eta Jose Ramon Argoitia aktoreek hartu dute parte proiektuan, eta filmeko efektu bereziak, borrokak, sua, piztiak… osatzerako orduan, talde tekniko ikusgarria bildu du Urkijok.

Aurrestreinaldia, beraz, otsailaren 26an, astelehena, egingo dute Gasteizko Florida zineman, eta zuzendaria ez ezik, filmeko lantaldeko hainbat kide ere bertan izango dira. Gasteiz On elkarteko saltokietan kontsumitzen duten herritarrek, gainera, aurrestreinaldira joateko gonbidapena eskuratzeko aukera izango dute, otsailaren 12tik 22ra egindako erosketen truke, hogei sarrera zozkatuko baitituzte. Animatu!