Call-Me-By-Your-Name-Estreinaldiak-Zinea-Zuzeu-03Zuzendaria: Luca Guadagnino

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB, Italia, Frantzia eta Brasil

Udako egunak dira Italiako zelaietan, soroak horitzen ari dira. Eguzkiak ez du errukirik. Zuhaitzen gerizpeak bakarrik salba gaitzake, ibai, laku eta putzuetako urak freskatu, eta mahaiaren bueltan egiten diren bazkaloste luzeek, barazki, entsalada eta frutekin egindako otorduek, gauetako epeltasunera hurbilduko gaituzte.

Paradisuaren parekoa den bazter honetan Elio aurkituko dugu (Timothée Chalamet), Shakespearen Uda gau bateko ametsa (1597) obratik ateratako pertsonaia bailitzan. Izaki berezia, inguruan dituen gazteekin alderatuta, ezberdina, azaltzeko zaila den modu batean ezberdina, dituen berezitasun guztiak batuta ere, haiek ez luketelako bere izatea islatuko. Esan bezala, uda izango da, baita Elioren bizitzan ere, udaberriaren ondoren datorren urtaroa, mardultasun garaia, osatze garaia. Familia eta lagunekin pasako du urtaroa, baina barkatu, ez dizuet Oliver aipatu: Oliver (Armi Hammer) Elioren aita dokumentazio-lanetan lagunduko duen graduondoko ikasle estatubatuarra da. Orain bai, jarrai dezagun.

Ba al dakizu zer den maitasuna? Zer sentitzen den? Norbait burutik kendu ezin duzunean? Eta fenomeno fisiko adieraziezin baten bidez erakartzen zaituenean, planeta baten grabitate indarra balu bezala, satelite bat bilakatzen zaituena, inguan orbitatuz. Eta barrenak mugitzen zaizkizu, barruan animalia basati bat biziko balitz bezala, eta batzuetan zure gorputzaz jabetzen da, eta zure gorputz adarrez, eta zure hitzez, eta ez zara dagoeneko zure buruaren jabe, tarteka, bakarrik, itzultzen zara zure onera. Hau da Eliori gertatuko zaiona, Marzia neska laguntzat izango du, baina Marziak ez du horrelako eraginik sortuko Eliorengan, Oliver izango da Elioren barne itsasoak astinduko dituena, mareekin gertatzen den lez. Eta horrela orbitatuko dute bi gorputzek, udan, bata bestearen inguruan, grabitatearen indarrarekin.

Eta tamalez, filmak harreman hori naturaltasun osoz azaldu nahiko badu ere, garaiko gizartean ez da halako naturaltasunik egongo, eta gure protagonistek ezkutuan biziko dute harremana.

Aktoreen lana ezin hobea da, bereziki aipagarria Timothée Chalametena, hitzik erabili gabe pertsonaiak bizi duen eztanda emozionala azaltzeko duen erreztasuna eta naturaltasuna direla-eta.

Zinta gomendagarria oso, baina badu zer kritikatu ere, erakutsiko digun istorioa ameskeria eder bat izango baita, eta horretan, zinez, lan bikaina egin du zuzendariak. Pertsonaien bitartez biziko ditugulako maitasunaren sukarrak, hau da, beroaldi eta hotzeriak, izerdi eta ezinegonak, fisiko zein psikologikoak. Eta eskertzekoa da maitasunaren inguruan egiten duen berebiziko erretratua. Istorioari arantzak aurkitzen badizkiot ere, mezuan eta garapenean, eta ez dut guztiz ulertu esan nahi izan duena. Ederra bi gizonen arteko maitasuna, baina ezinezkoa. A zer nolako aurrerapena! Baina dena oso polita, hori bai. Eta ez diot horrelakorik amaiera gustatu ez zaidalako, benetan zintak duen momenturik politena baita; filmak istorioarekiko egiten duen hurbilpenaren inguruan galderak sortzen zaizkit baina. Hori bai, Elioren zintzotasunak ez dit dudarik sortzen.

Hori dela-eta, Eliorekin geratuko naiz amaierako azken planoan, zintaren kredituak agertzen diren bitartean, etxeko neskameak mahaia jartzen ari diren bitartean, munduak aurrera egiten duen seinale. Norantz? Ez dakigu. Argi dago ez duela Elioren norabide berbera jarraituko, momentuz, baina aurrera egin dezagun, ez dagoelako beste biderik.