Koldo Serra zinegile bilbotarrak 70 binlandens proiektu berrian lanean ari dela eman du aditzera. Filma martxoan errodatuko dute, Bilbon bereziki, eta aktore nagusiak Emma Suarez, Nathalie Poza eta Hugo Silva izango dira. 

70-bilnladens

Javier Echanizek, Asier Guerricaechebarriak eta Juan Gil Bengoak osatutako gidoiak Raquelen (Suarez) istorioa kontatuko du. Egoera pertsonal zail bat igarotzen ariko da, eta egun batetik bestera 35.000 euro (70 binlanden bezala ezagunak) lortu beharko ditu. Horretarako, bankura joango da mailegu bat eskatzera, baina bi lapur (Poza eta Silva) banketxean sartuko dira une horretan, Raquelek ahal bezala ihes egin beharko du, dirua berarekin daramala.

Filma Sayaka Producciones (Nahikari Ipiña, Borja Cobeaga, Borja Crespo, Nacho Vigalondo eta Serra bera), Pokeepsie Films (Alex de la Iglesia eta Carolina Bang) eta La Panda ekoizpen etxeek produzituko dute, eta ETBk, Movistarrek eta RTVEk ere babestuko dute proiektua. Errodajea martxoan abiatuko dute, Bilbon, eta hainbat astez luzatuko da.