Harvey Weinsteinen kasuak hautsak harrotu ditu zinemaren munduan. Salaketek bere irudia eta ekoiztetxea hondoratu dituzte, eta orain arte ikusi gabeko iraultza sortu dute zinemaren industrian. Sexu-jazarpena jasan duten emakume eta gizonek euren ahotsak jaso dituzte eta erasotzaile berrien izenak atera dira, hala nola, Kevin Spacey, Dustin Hoffman, Brett Ratner eta James Toback.

Gaur egun, horren negatiboa den gertakari batetik zerbait positiboa atera dela ondoriozta genezake. Sare sozialetan, #MeToo mugimenduak sexu erasoen salaketak azaleratu ditu, eta Time aldizkariak jazarpen sexualen salatzaileak 2017ko Urteko pertsonaia izendatu ditu.

Urte hasieran, gainera, Time’s Up erakundea sortu zuten. Urrezko Globoetan, halaber, beltzez janzteko proposamena egin zuten, eta hala, kolore bakarra nagusitu zen nazioartean sekulako oihartzuna duen sari-banaketa ekitaldian. Baina janzkeran ez ezik, emakumeen mezuetan ere aldarrikapen indartsuak aurkitu genituen. Urte luzez, tarteka baino ez ditugu ikusi mota honetako aldarrikapenak, baina aurtengoa beste maila batean egon da. Oprah Winfreyren hitzaldia izan zen sona handiena izan zuena, eta askok AEBetako presidentagai izan dadin eskatu dute hitzaldiaren ostean.

Eztabaida zabaltzen ari da, eta pertsonaren eta lanaren arteko bereizketa egin behar ote den eztabaidatzen hasi dira orain. Zilegi al da Kevin Spacey House of Cards telesailetik botatzea ala Ridley Scottek bere azken filmetik ezabatzea? Zer gertatzen da aurretik egindako lanekin? Ezin al ditugu lanok ikusi? Antzeko duda baten inguruan idatzi zuen Claire Dedererrek The Paris Review Dailyn. Kasu honetan, Woody Allenen lana izan zuen aztergai. Zer egin behar dugu bere lanarekin? Ezin dugu Manhattan berriro ikusi? Izan ere, Dedererren artikuluaren ostean, bere alabaren aurkako jazarpen kasua hizpide izan da berriro, eta Allenekin lan egindako aktore askok beren soldata Time’s Up elkarteari eman diote. Nire galdera zera da: aktore horiek ez al zuten Allenen alabaren salaketaren berri Allenekin lan egiteko erabakia hartu aurretik?

Eta zer etorriko da orain? Hollywooden bakarrik gertatzen dira sexu erasoak? Estatu espainiarrean hainbat kasu salatu dituzte; Leticia Dolerak, esaterako, hemezortzi urte zituenean gertatutakoa argitara eman zuen duela hilabete batzuk, eta azken asteetan La caja de Pandora mugimendua jarri dute martxan, kulturaren munduan gertatzen diren sexu erasoen biktimen arteko elkartasuna bultzatzeko ekimena. Time’s Up mugimenduaren antzeko helburua duela esan liteke, nahiz eta haiek baino lehenago hasi ziren lanean eta orain gutxi eman duten ezagutzera euren burua.

Estatu mailako sariketetan ere aldarrikapenak egin dituzte, batez ere Feroz sarietan. Aurkezle lanetan aritu zen Julian Lopezek mezu nahiko gordina bidali zuen Weinsteinen antzeko ekoizle bat egon ote daitekeen adierazteko.

https://www.youtube.com/watch?v=eoAuWfR7j-Y

Horrez gain, emakume askok beren eskubideak aldarrikatu zituzten, hala nola, Nathalie Pozasek, Leticia Dolerak eta Carla Simónek. Goya sarietan ere aldarrikapenak egin zituzten, baina aurkezleek ez zuten asmatu aldarrikapen horiek modu egokian gidoian txertatzen. Horrez gain, Emakume Zinemagileen Elkarteak (CIMA) abaniko gorriak banatu zituen gonbidatuen artean, emakumeen presentzia aldarrikatzeko.

Gure inguruan jazotako sexu erasoen berririk ez dugu oraindik, baina berandu baino lehen azaleratuko direla dirudi. Emakumeen garaia da, eta honek ez du atzera bueltarik!