Muriel Box zuzendaria omenduko du zinemaldiaren atzera begirakoak

Donostiako Zinemaldiaren 66. Edizioaren atzera begirakoak badu bere protagonista. Muriel Box zuzendari eta gidoilari britaniarraren lana erretratatuko du jaialdiak, Espainiako Zinemateka, Euskadiko Filmategia, Valentziako Kultur Institutuaren Filmoteka eta San Telmo Museoarekin elkarlanean osatutako pelikula zikloarekin. Ohiko datak hartuko ditu aurten ere Zinemaldiak, irailaren 21etik 29ra, eta bere programazioaren baitan ikusi ahal izango dira ere sorta honen aleak. Behin Zinemaldian proiektatu ondoren, gainerako elkarte eta erakunde antolatzaileetan pantailaratuko dira, urrian eta azaroan.

muriel-box-atzera-begirakoa 1

Zinema independente egile baten kanonetan sailka daiteke Muriel Box (Surrey, Ingalaterra, 1905- Hendon, Ingalaterra, 1991), garaiko testuinguru itogarriari aurre egin, eta zinema generoek emandako aukeretatik abiatu zen  lehenago tratatu gabeko gaiei balentria osoz eusteko: prostituzioa, adingabeen abusuak, abortua, seme-alaba ez-legitimoak… Haren lana zinema britainiarraren aldaketa-aro batean kokatzen da, eta egindako ekarpena ezinbestekotzat jotzen da berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetako zinema ingelesean.

Boxen filmografia berrikustearen garrantzia azpimarratu dute Zinemaldiko ordezkariek, diskurtso feminista batetik emakumezko errealizadoreek zinematografian jokatu duten rol garrantzitsua aldarrikatzearen aldeko. Izan ere, gaur egun haren izenak prestigioa duen arren, bere lanaren inguruko aipamen txiki batzuk besterik ez dira egin zinemaren historia orokorrean.

Hastapenak antzerki munduan eta scrip modura egin zituen, gerra-propagandarako edukiak finantzatzeko xedez, baina, orotara, hamalau film luze zuzendu zituen. Horien artean, ‘Street Corner’ (1953), emakume polizia baten eguneroko lanari buruzkoa;  ‘The Beachcomber’ (1954), alkoholari, erlijioari eta puritanismoari; ‘The Pasionate Stranger’, eleberri erotiko baten eraginez sorturiko buruhausteei; ‘Simon and Laura’ (1955), BBC telebista kateko programa bateko protagonista bilakatzen den bikoteari;  ‘This other Eden’ (1959), Irlandako borroka armatuari…

Sin título

1964an jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria jaso zuen Murielek, senarrarekin batera idatzitako ‘The Seventh Veil’ filmagatik. Errekonizimendu hura irabazi zuen bigarren emakumea izan zen, Frances Marion amerikarraren atzetik. Errealizazioan ez ezik, ibilbide oparoa egin zuen ere gidoilari eta ekoizle gisa, berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetako zuzendari ospetsu askoren filmetan parte hartu zuelarik. Besteak beste, Terence Fisherren, Compton Bennetten eta David MacDonalden filmetan parte hartu zuen.