Martxoaren 2an zinema aretoetan estreinatuko duten Errementari (2017) opera primaren egile Paul Urkijok Fantrobia saria jasoko du FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoan. Genero fantastikoan nabarmendutako sortzaile berriak aintzatesten ditu Fantrobia sariak. Horrez gain, jaialdiaren XXIV. edizioaren kartela aurkeztu dute.

fant-2018-kartel-web

Aurtengo FANT jaialdia maiatzaren 4tik 11ra egingo dute, eta Paul Urkijo zinegile gasteiztarra sarituko dute bertan. Errementari filma zinemetan estreinatuko du ordurako, izan ere, orain arte Sitgesko eta Donostiako zinema jaialdietan aurkeztu du lana, eta oso harrera beroa izan du bietan.

Fantasiazko zinemaren eta elementu folklorikoen zaletasuna erakusten duen El pez plomo (2007) lanarekin lehiatu zen aurrenekoz Urkijo. Hortik aurrera, nazioarteko hainbat jaialditan sariak jaso zituen Jugando con la muerte (2010), Monsters Do Not Exist (2012), El Bosque Negro (2015) eta Naara (2016) film laburrekin.

Orain, bere obsesioei jarraipena eman die martxoak 2an estreinatuko duen Errementari (2017) opera priman. Filma Jose Migel Barandiaranek idatzitako Patxi Errementaria ipuin klasikoaren moldaketa bat da, eta nazioarteko hamar zinema jaialditan eskaini dute jada; Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, gainera, ikus-entzuleen saria lortu zuen iaz. Arabako herrixka bateko baso sakonean bizi den errementari gaiztoa erakutsiko digu lanak, deabruari berari ziria sartu zion Patxi Errementaria.

Sailak eta sariak

Aurtengo Sail Ofizialean hainbat sari banatuko dituzte. Gogoan izan bertan parte hartu nahi izanez gero, martxoaren 15a baino lehen egin behar dela izen-ematea. Epaimahaiaren eta ikusleen sariek 3.000 euroko balioa izango dute. Euskal Herriko film labur hoberena, aldiz, 2.000 erorekin sarituko dute. Eta film laburrei dagokienez, 1.500 euroko saria izango du Panorama Fantastiko Laburreko lan onenak.

Horrez gain, aurtengo FANT jaialdian film luzeentzako sari ekonomikoak gehitu dituzte: Sail Ofizialeko film luze onenak 3.500 euro jasoko ditu, eta Panorama Fantastikoa saileko film luze onenak 2.250 euro.