Iruñeko Udalak eta Iturramako liburutegi publikoak iaz antolatu zuten aurrenekoz Zinemari buruzko solasaldiak zikloa, eta aurten bigarren edizioarekin ausartu dira. Atzo, otsailak 5, egin zuten lehen saioa, eta gaur eta bihar, otsailak 6 eta 7, Eskoziako eta Frantziako zinemagintzaz mintzatuko dira. Saio irekiak izango dira, 19:30ean hasita.

Zinemari-buruzko-solasaldiak-Zinea-01

Zinemagintza jakinetan aditu diren egileen mintzaldien bidez, tokian tokiko produkzioan sakontzeko eta iritziak partekatzeko aukera eskaini nahi die herritarrei Iruñeko Udalak. Horretarako, Iturramako Book Clubeko koordinatzaile Richard Weyndlingek gidatutako hiru saioko zikloaren bigarren edizioa egiten ari dira atzotik, eremu geografikoaren araberako zinemagintza aztertzeko.

Atzo, otsailak 5, Conversando sobre cine chino, japonés y coreano mintzaldia eskaini zuen Carlos Bassas adituak.

Gaur, ostera, Weyndling igoko da eszenatokira, eta High rises, low life and single malt whisky: 3 great films made in Scotland hitzaldia prestatu du bertaratuei eskaintzeko. Eskozian ekoitzitako hiru film garrantzitsu oinarri hartuta, bertako produkzioa landuko du, eta saioa ingelesez izango da.

Bihar, otsailak 7, azkenik, La nouvelle vague. Qu’en reste-t-il aujourd-hui, 60 ans aprés? mintzaldia emango du Ramón Herrerak frantsesez. Nouvelle vague mugimendu ezagunak gaur egun utzitako arrastoak aztertuko ditu ordubeteko solasaldian, eta jarraian, ikus-entzuleei ere parte hartzeko aukera emango die.

Saioak 19:30ean abiatuko dituzte, eta sarrera doakoa izango da. Informazio gehiago behar izanez gero, sartu Iruñeko Udalaren webgunean.