Bart gauean Madrilgo Marriot Auditorium Hotelean banatu dituzte Espainiako Zinemaren Akademiaren Goya sariak, eta Jon Garañoren eta Aitor Arregiren Handia filmak hamar garaikur eskuratu ditu, tartean, jatorrizko gidoi, gizonezko aktore berri, jatorrizko musika, argazki eta efektu berezi onenen sariak. Film sarituena izan da!
Ernesto Sevilla eta Joaquin Reyes umoristek gidatu duten galan emakumeen lana aldarrikatu dute gonbidatuek, Espainiako Zinemaren Akademiako bigarren presidenteorde Nora Navasek eta Pepa Charro aktore eta abeslariak, eta aretoa #MasMujeres traola zeramaten abanikoz bete da.
Sariak banatzen hasi dira berehala, eta gaueko lehena Eneko Sagardoy aktore gaztearentzat izan da. Sendiari, lagunei, Karrika Antzerki Taldeari, lankideei, ulertu gabeko identitateei, eta bereziki, Joseba Usabiaga aktore, lankide eta lagunari eskaini die saria. Ondoren etorri dira jantziteria (Saioa Lara), muntaketa (Laurent Dufreche eta Raúl Lopez), ekoizpen zuzendaritza (Ander Sistiaga), zuzendaritza artistiko (Mikel Serrano), makillaje eta ile-apainketa (Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz eta Gorka Agirre), efektu berezi (Jon Serrano eta David Heras) eta argazki (Javi Agirre) onenaren sariak.
Jatorrizko gidoi onenaren garaikurra jasotzera, halaber, Garaño, Arregi, Andoni de Carlos eta Jose Mari Goenaga igo dira, gaueko bederatzigarren saria Handia filmarentzat. “Gaurko eguna pajarita bat aurrenekoz janzten nuen lehen aldia izanagatik oroituko nuela uste nuen, baina ez”, esan du Garañok, eta elkarri eskerrak eman dizkiote, bakoitzak egindako ekarpenagatik.
Jatorrizko musika onenaren garaikurra ere Handia filmarentzat izan da, Pascal Gaigne sortzaile emankorrarentzat. “Moriarti ekoizpen etxekoekin egindako lehen film laburraz oroitzen naiz, eta nola, gure bulegoan elkarren alboan zeudenez, musika entzuten zuten aldiro nire gelara etortzen ziren, ‘Hau guretzako da?’ galdezka. Nahiago izaten zuten besteentzat egiten nuen musika haientzat egindakoa baino!”.
Ondorengoa da euskal ekoizpen eta profesionalek jasotako sarien zerrenda:
- Gizonezko aktore berri onenaren saria: Eneko Sagardoy, Handia
- Jatorrizko gidoi onenaren saria: Andoni de Carlos, Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi eta Jon Garaño, Handia
- Argazki onenaren saria: Javi Agirre Erauso, Handia
- Ekoizpen zuzendaritza onenaren saria: Ander Sistiaga, Handia
- Jatorrizko musika onenaren saria: Pascal Gaigne, Handia
- Zuzendaritza artistiko onenaren saria: Mikel Serrano, Handia
- Jantziteria onenaren saria: Saioa Lara, Handia
- Ile-apainketa eta makillaje onenaren saria: Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz eta Gorka Agirre, Handia
- Efektu berezi onenen saria: Jon Serrano eta David Heras, Handia
- Muntaketa onenaren saria: Laurent Dufreche eta Raúl López, Handia
Eta gainerako palmaresa:
- Film onenaren saria: The Bookshop, Isabel Coixet
- Zuzendaritza onenaren saria: Isabel Coixet, The Bookshop
- Zuzendari berri onenaren saria: Carla Simón, Estiu 1993
- Emakumezko aktore onenaren saria: Nathalie Poza, No sé decir adiós
- Gizonezko aktore onenaren saria: Javier Gutierrez, El autor
- Taldeko emakumezko aktore onenaren saria: Adolfa Calvo, El autor
- Taldeko gizonezko aktore onenaren saria: David Verdaguer, Estiu 1993
- Emakumezko aktore berri onenaren saria: Bruna Cusí, Estiu 1993
- Egokitutako gidoi onenaren saria: Isabel Coixet, The Bookshop
- Soinu onenaren saria: Aitor Berenguer, Gabriel Gutiérrez eta Nicolas de Paulpiquet, Verónica
- Jatorrizko kanta onenaren saria: La llamada, Leiva
- Animaziozko film onenaren saria: Tadeo Jones 2. El secreto del Rey Midas, David Alonso eta Enrique Gato
- Dokumental onenaren saria: Muchos hijos, un mono y un castillo, Gustavo Salmerón
- Europako film onenaren saria: The Square, Ruben Östlund
- Film iberoamerikar onenaren saria: Una mujer fantástica, Sebastián Lelio
- Fikziozko film labur onenaren saria: Madre, Rodrigo Sorogoyen
- Film labur dokumental onenaren saria: Los desheredados, Laura Ferrés
- Animaziozko film labur onenaren saria: Woody and Woody, Jaume Carrió