Antzerkian, arte plastikoetan, bertsolaritzan, dantzan, ikus-entzunezkoetan, literaturan eta musikan diharduten sortzaileak biltzen dituen Sortzaileak.eus ataria garatu du Gotzon Barandiaranek Berria Fundazioak 2016an emandako Berria bekaren bidez, eta atzo, otsailak 1, aurkeztu zuen proiektuaren 1.0 bertsioa Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. 

Sortzaileak-eus-Argazkia-Jon-Urbe

Argazkia: Jon Urbe / ARP

Euskal kulturaren ikuspegi oso eta integrala eskainiko duen eta euskal kultur sorkuntzaren historia eta egunerokoa erakutsiko duen ataria osatu dute Barandiaranek, Unai Iturriagak (diseinu grafikoa) eta Josu Landak (teknologia garapena). Uneotan 2.200 fitxatik gora ditu datu-baseak, eta horretarako, adierazpide bakoitzean espezializatutako atarietatik edan du proiektuak: bertsolarien datuak, Bertsozale elkartearen ataritik; dantzarien informazioa, Dantzan ataritik (67); musikariei buruzko datuak, Badok ataritik (495 fitxa); idazleen fitxak, Armiarma plataformatik (365); eta ikus-entzunezkoei dagozkienak, Ganbara proiektutik (511 fitxa). Arte plastikoei (342) eta antzerkiari (136) lotutako sortzaileen fitxak, ostera, haiek osatu dituzte.

Egitasmo kolektiboa dela azpimarratu du Barandiaranek, sortzaileekin eta eragileekin egindako gogoetetan baitu iturburua, eta ekimenak kultura bilgune izateko helburua duela gaineratu du lanak hedatzeko, ikusgarri egiteko eta transmititzeko aukera eskainiko baitie gainerako sortzaileei, komunikabideei, antolatzaileei, hezkuntzako eragileei, kulturazaleei, euskaldunei eta oro har, euskal herritarrei.

Sortzaileak-eus-Aurkezpena-Zinea-Ganbara-01

Proiektua garatu ahala, baina, hainbat erabaki hartu behar izan dituzte, jasotako laguntza eta proiektua garatzeko ezarritako epea mugatuak zirelako. Horregatik, azken hamabost urteetan lanen bat kaleratu duten eta egun bizirik dauden sortzaileen fitxak egitera mugatu dira. Horregatik, ataria elikatzen jarraitzeko beharra ezinbestekoa dela azpimarratu du, eta zerbitzu publikoa eskaintzen duen ekimena izanik, finantzaketa publiko eta jarraitua bermatu beharko litzatekeela gaineratu.

Ataria zabalik dago jada!