Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten duten ikasleak arduratzen dira urtero HUHEZINEMA izeneko film laburren jaialdia antolatzeaz, eta aurtengoan, 11. ekitaldiaren kartela aukeratzeko lehiaketa jarri zuten martxan. Bada, deialdira aurkeztutako 53 lanen artean, Marina García Fernandez irundarraren irudia aukeratu dute, Ikusteko jaioak gara leloa ezin hobeto islatzen jakin duelako.
Martxoaren 21etik 23ra egingo dute HUHEZINEMA jaialdiaren 11. edizioa Aretxabaletan, eta lanak aurkezteko epeak zabalik jarraituko du otsailaren 9ra arte. Horren aurretik, baina, aurtengo ekitaldiaren irudia aukeratzeko tartea hartu du Iban del Campo irakasle eta zinegileak gidatutako ikasle-taldeak, eta jasotako 53 proiektuak banan-banan aztertu dituzte, Marina García Fernandezen irudiarekin gelditu arte.
Ilustrazio-teknika ederra eta kartelak ematen duen jokoa hartu dituzte kontuan, baina era berean, Ikusteko jaioak gara nola islatu duen gustatu zaie. “Aurpegi bakoitzak begirada ezberdin bat du, eta hainbatek betaurrekoak edo bestelako tresnak dituzte hobeto ikusi ahal izateko”, azaldu du Del Campok.
Deialdiak izandako arrakastarekin pozik daudela gaineratu du, lehen aldia izanik, ez zutelako halako erantzun berorik espero. Parte hartzaile ugari unibertsitateko ikasleak ala ikasle ohiak dira, baina beste askok ez dute zerikusirik Mondragon Unibertsitatearekin, eta horrek ilusio berezia egin die.