Eusko Jaurlaritzak finantzatutako eta Donostia Kulturak kudeatutako Filmazpit katalogoak bi film berri eskainiko ditu aurrerantzean: Le nouveau (Rudi Rosenberg, 2015) eta Keeper (Guillaume Senez, 2015) nerabezaroari buruzko lanak. Biak ala biak euskarazko azpitituluekin proiektatzeko aukera izango da.

Nazioartean saritutako proposamen interesgarri bi batu dira Filmazpit katalogora. Lehena Le nouveau (Hasiberria) da, Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean ikusgai izan zen 2015eko filma. Benoit da protagonista, landa-eramutik Paris hiriburura bizitzera joango den nerabea. Eskola berrian egokitzea uste baino zailagoa izango da, eta horregatik, etxean festa bat antolatuko du, lagunak egiteko asmoz… Baina festak ez du arrakastarik izango.

Laguntasuna, maitasuna, aisialdia… bezalako gaiak ditu aztergai komedia eta drama uztartzen dituen proiektuak, eta atsegina eta dibertigarria dirudien arren, istorio gogorra du atzean.

Keeper film belgikarrak, ordea, Maxime eta Melanie nerabeen kasua kontatuko du. Elkar maite dute, eta beren sexualitatearen bilaketan eta azterketan murgilduko dira, pixkanaka elkarrengandik ikasiz. Nahi gabe, baina, Melanie haurdun geratuko da, eta aurrera jarraitzea erabakiko du bikoteak.

Kritikak bi aktore nagusien antzezpenak azpimarratu ditu, eta filma, besteak beste, Locarnoko, Torinoko, Sevillako, Hamburgeko eta Rotterdameko jaialdietan eskaini zuten.

Kultur eragileek, elkarteek edota zinema emanaldi bat programatu nahi duen orok Filmazpiteko arduradunekin harremanetan jarri besterik ez du bi lanok eskaini ahal izateko.