Zinemaren historian odontologiarekin ala hortzetako osasunarekin lotura duten film ugari egin dira, eta Nafarroako Filmotekak ZIDE izeneko jaialdiaren VI. edizioa egingo du otsaileko astearteetan, film horien lagin txiki bat pantailaratzeko. Lehen emanaldian, otsailaren 6an, Akira Kurosawaren I Live in Fear (Crónica de un ser vivo, 1955) emango dute.
Dentisten paperak badu xarma berezia gidoilarientzat, askotan jarri izan baitituzte pertsonaia aktibo gisara. Gainera, haien lanak bilakaera eta garapen nabarmenak jasan ditu azken urteetan, teknologiaren eta gailuen berrikuntza tarteko, eta horren isla dira urte luzez dentisten jarduna erretratatu duten filmak.
Bada, ZIDE Zinema eta Dentistak jaialdiaren seigarren edizioa 2018ko otsailean egingo dute Nafarroako Filmotekan, eta orotara hiru lan proiektatuko dituzte, garai eta herrialde ezberdinetakoak:
- Otsailaren 6an, asteartea, 20:00etan Akira Kurosawaren I Live in Fear (Crónica de un ser vivo, 1955) eskainiko dute, Harada izeneko dentista japoniarrari buruzkoa.
- Otsailaren 13an, asteartea, 20:00etan Angela Pope zinegilearen Captives (1994) proiektatuko dute, AEBetako espetxe batean presoak artatzen dituen Rachel dentistaren inguruko lana.
- Otsailaren 20an, asteartea, 20:00etan Yousry Nasrallah zuzendari egiptoarraren Ehky ya Sheherazade (Scheherazade Tell Me a Story, 2009) emango dute, Kairoko Hebba dentistaren pertsonaia erakutsiko duen lana.
Sarrera orokorra 3 euroan eskuratu ahal izango da, baina hamar emanalditarako bonoak 20 euro balio du. Informazio osagarria, Nafarroako Filmotekaren atarian topatuko duzue.