Phantom Thread (El hilo invisible)

Paul Thomas Anderson (Magnolia, 1999, eta There Will Be Blood, 2007) zinegile ezagunak 50eko Londresen bizi izan zen Reynolds Woodcock jostunaren istorioa kontatuko digu, besteak beste, Urrezko Globoa, BAFTA saria eta Oscar saria jasotzeko hautagai gisa proposatu duten filmean. Daniel Day-Lewis aktoreak gorpuztu du errege-etxeko kideentzako eta zinemako izarrentzako jantziak egiten zituen Woodcock, eta horretarako, Cristobal Balenciaga diseinatzaile getariarrarengan oinarritu zela aitortu du aktoreak. Filmak jostunaren eta Alma (Vicky Krieps) gaztearen arteko maitasun harremana izango du hizpide; sortzailea itsu-itsuan maitemindu zen berarekin, eta ordura arteko bizimodu ordenatu eta metodikoa hankaz-gora jarri zuen Alma maitale eta musak.

Harpetarra (Early Man)

Zineuskadi elkartearen ekimenez, euskaraz estreinatuko dute stop-motion teknikan maisua den Nick Park zinegilearen Harpetarra proiektu berria Errenteriako, Durangoko, Getxoko, Bilboko, Iruñeko, Donostiako, Gasteizko eta Eibarko zinema aretoetan. Lanak Harri Arotik Brontze Arorako jauzia erakutsiko du; izan ere, Dug eta haren tribua ez dira beren bizimodua aldatzeko prest egongo, eta Lord Nooth bilauari aurre egingo diote futbol partida batean: norgehiagoka irabaziz gero, beren bailaran bizitzen jarraitu ahal izango dute; galtzen badute, ostera, meatzera joan beharko dute lanera. Tenika ederra eta gidoi zorrotza dituen proiektu dibertigarria, halako kasuetan esan ohi dugun bezala, etxeko txiki zein handientzako aproposa.

El cuaderno de Sara

Belén Rueda aktore espainiarrak Laura izeneko emakumezkoaren papera antzeztuko du, eta aspaldi galdutako ahizpa Sararen bila joango da Kongora. Gorbernuz Kanpoko Erakundeek, Espainiako enbaxadak… Inork ez du jakingo Sara non dagoen. Baina herrialdearen ekialdeko meatzari-herri batean egindako argazkian azalduko da Sara, eta Laura gizarte mendebaldarraren hatzapar ilun, ezkutu eta zikinetan barneratuko da ahizpa topatzeko. Norberto López Amadok gidatu du proiektua, eta Ruedarekin batera, Manolo Cardona, Enrico Lo Verso, Marián Álvarez eta Florín Opritescu aktoreek hartu dute parte filmean.

Lasciati andare (Déjate llevar)

Italiatik, ordea, Francesco Amato zinegilearen berriena helduko zaigu: Toni Servillo eta Verónica Echegui protagonista dituen komedia. Lehena Elías izango da, psikoanalista judutarra. Sendagileak dieta zorrotza eta jarduera fisikoa gomendatuko dizkio, kilo batzuk jaiste aldera, eta horretarako Claudia entrenatzailearen zerbitzuak kontratatuko ditu. Elkarren artean oso ezberdinak izango badira ere, pixkanaka, elkarri laguntzen asmatuko dute.

Amityville: The Awakening

Stuart Rosenbergek 1979an zuzendu zuen Jay Ansonen eleberrian oinarritutako The Amityville Horror filma; hura da Amityville sagaren jatorria, eta honakoa enegarren kapitulua, Franck Khalfounen gidaritzapean. Bella Thorne aktoreak antzeztutako Belle nerabea eta haren familia etxe berri batera joango dira bizitzera; Bellen anaia bikia koman dago, eta tratamentua oso garestia denez, diru apur bat aurreztu nahi dute horrela. Bat-batean, baina, gauza misteriotsuak gertatzen hasiko dira etxean, eta James anaia komatik esnatuko da, sendagileen pronostiko itxaropentsuenak gaindituz. Laster jakingo du Bellek Amityville izeneko etxe sorgindura eraman dituela amak.

La bola dorada

Eta asteko azken estreinaldia Aitor Aspe zinegile eta ekoizle bizkaitarrak (Baskavígin. La matanza de los balleneros vascos, 2016) osatu duen La bola dorada da, Andoni Agirregomezkorta, Soraya Arnelas, Ana Rodríguez eta Natalia Navarro aktoreekin. Filma Extremaduran errodatu zuten, eta zazpi urteko Bea neskatilaren abenturak izango ditu aztergai. Telebistako saio bat maite du Beak, eta bertako pertsonaia nagusiak Teo eta Sofí dira. Bada, aztikeria bat tarteko, pertsonaiak bizitza errealera igaroko dira, eta Bearen aitak falta duen txanpon zahar bat topatzen lagunduko diote neskatilari.