Jean-Pierre Melville omenduko dute Bizkaia Aretoan

Jean-Pierre Melvile zuzendari frantziarrari eskainitako zikloa antolatuko dute Bizkaia Aretoan otsailaren 1etik 22ra. Euskal Herriko Unibertsitateak, Institut Françaisek eta Melville Fundazioak, elkarlanean, bost film proiektatuko dituzte zuzendari frantziarraren jaiotzaren mendeurrenaren harira. Saio guztien aurretik aurkezpen txiki bat egingo dute, eta ondoren solasaldia.

Web

Bihar hasita, ostegunero, Jean-Pierre Melvilleen memoria berreskuratzeko aukera egongo da 19:00etan EHUk Bilbon duen Bizkaia Aretoan. Zuzendariaren omenezko zikloa hiru ataletan banatuko dute: batetik, 24h de la vie d’un clown (1946) filmak Melvillek menperatzen zituen estilo ariketez jabetzeko parada eskainiko du; bestetik, gerrako pelikula bat proiektatuko dute (L’armée des ombres, 1969); eta azkenik, zuzendariaren thriller bitxi bi: Bob le flambeur (1955) eta Le cercle rouge (1970). Horrez gain, zikloari bukaera emateko, Jean-Pierre Melvilleren bizitzari eta filmografiari buruzko dokumental bat proiektatuko dute, eta zuzendaria bera hurbilduko da saioa aurkeztera eta ondorengo solasaldira.

Pertsonaia bakartiak, atsekabetuak, frantziar Resistanceko heroiak, gangster deserrotuak edota hiriko kale suntsituetatik noraezean dabiltzanak jorratu zituen Melvillek, hau da, gerraosteko Europan berezkoa zen nihilismoaren arrasto garbiak erakutsi zituen bere pertsonaietan. Adituek, ordea, frantziar zuzendarien artean estatubatuarrena izatea leporatu zioten, izan ere, Melvillek ezin hobeto asmatu zuen literatura existentzialista alde batetik, eta zentzugabekeriaren antzerkia, bestetik, islatzen.

Jean-Pierre Melville zuzendariaren omenezko zikloaren egitaraua:

  • Otsailaren 1ean: L’Armée des Ombres (1969).

Aurkezpena eta ondorengo eztabaida Iratxe Fresnedaren eskutik (errealizadorea eta UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko Irakaslea). Moderatzailea: Gabriel Villota.

  • Otsailaren 8an: 24h de la vie d’un clown (1946) film laburra eta Bob le flambeur (1955).

Aurkezpena eta ondorengo eztabaida Gabriel Villotaren eskutik.

  • Otsailaren 15ean: Le Cercle Rouge (1979).

Aurkezpena eta ondorengo eztabaida Norberto Albónigarekin (Cineclub Fas). Moderatzailea: Gabriel Villota.

  • Otsailaren 22an: Sous le nom de Melville (2008).

Aurkezpena eta ondorengo eztabaida Olivier Bohler zuzendariaren eskutik. Moderatzailea: Gabriel Villota.

Sarrera librea emanaldi guztietara aretoa bete are. Informazio gehiagorako, sartu ehuKultura Bizkaia atarian.