‘Aro Atomikoa’ zikloan, ‘Niñato’ emango dute Tabakaleran

Tabakalerako Hezkuntza taldeak eta Usandizaga Bigarren Hezkuntzako Institutuak elkarrekin jarri zuten abian 2015eko urrian Aro Atomikoa izeneko zinema zikloa, haurtzaro, nerabezaro eta gaztetasun imaginarioei buruzko emanaldiak antolatzeko. Bada, ostiral honetan, otsailak 2, Adrián Orr zinegilearen Niñato filma eskainiko dute 19:00etan Tabakaleran.

Niñato bezala ezaguna den David aita gaztea da filmeko protagonista. Hiru seme-alaba txiki ditu, ezkongabea da eta gurasoen etxean bizi da. Ez du lanik, baina hip-hop musika egiten du, gaztetako ametsari jarraiki. Haurren heziketa eta musika dira bere bi pasioak, eta biak ala biak ahal bezala uztartzen ahalegintzen da, haurrei, eta bereziki, arreta gehiago eskatzen dion Oro txikiari, behar dutena eskaintzeko.

Aro Atomikoa zikloaren baitan emango dute Adrián Orr zinegile madrildarraren filma, besteak beste, Buenos Aires, Suitza, Quioto eta Sevillako zinema jaialdietan saritutakoa. 19:00etan hasiko da saioa, eta sarrera 3,5 euroan eskuratu ahal izango da.

Zikloa ZOOM. Bideo Laborategia izeneko taldeak programatzen du 2015az geroztik, hau da, Usandizaga Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasle talde batek, eta film klasikoak zein garaikideak, fikzioak eta dokumentalak, nazioarteko zinemagile entzutetsuen lanak eta zinemagile berrienak, uztartu dituzte orain arte. Printzipioz, 2017ko uztailera arte luzatu behar zen zikloa, baina 2018ko urtarrilean bi saio egin dituzte.