Larunbatean, otsailak 3, banatuko dituzten Goya sarietarako faborito nagusia den Handia filmaren egileen proiektu berria da La trinchera infinita, 33 urtez ezkutatuta egon zen gizon bati buruzko istorioa. Errodajea udaberrian asteko asmoa dute, eta filma Andaluzian eta  Euskal Herrian grabatuko dute, gaztelaniaz.

La-trinchera-infinita-Zinea-02

80 egunean (2010), Loreak (2014) eta Handia (2017), besteak beste, ekoitzi dituen MoriartiIrusoin bikoak La Claqueta ekoiztetxe andaluziarrarekin egin du bat La trinchera infinita proiektu berria osatzeko. ICAAren eta Andaluziako Juntaren babes ekonomikoa du proiektuak, eta bi txandatan grabatzeko asmoa dutela iragarri dute: udaberrian, maiatzean hasita, lehen zatia, eta udan, bigarrena, pertsonaiengan 30 urte igaro direla islatzeko. Azken asteetan lokalizazioak bilatzen ibili dira.

Filmak 1939an bere etxean ezkutatu zen eta 33 urtez bertan gordeta egon zen Higinio Blanco pertsonaiaren istorioa kontatuko du, fikziozko istorioa. “Satorren historiak nazioarteko gerretan ezkutatu ziren lagunen historiarekin konektatzen du”, azaldu dute egileek, filmak beldurraren inguruko alegoria egingo duela gaineratzeko. “Itxialdi fisikoaren bidez, itxialdi psikologikoaz jardun nahi dugu”.

Film Andaluzian eta Euskal Herrian errodatuko dute, gaztelaniaz, eta aktore nagusiak Antonio de la Torre eta Belén Cuesta izango dira. Datozen asteetan batuko dira gainerako aktoreak. Luiso Berdejo eta Jose Mari Goenaga arduratu dira gidoiaren idazketaz, eta Goenagak, Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzenduko dute filma. 2019an estreinatzea aurreikusi dute.