Goya sarien ekitaldia zuzenean jarraituko dute Donostian

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SADEk Goya sarien gala zuzenean jarraitzeko ekitaldia antolatuko dute Donostiako Trueba zineman larunbatean, otsailak 3, 21:00etan hasita. Handiak 13? izena jarri diote festari, eta ekimenaren helburua Jon Garañoren eta Aitor Arregiren proiektuari babesa ematea da.

Handia-13-Ekitaldia-Zinea-01

Goya sarien ekitaldia 22:00etan hasiko bada ere, Trueba zinemak 21:00etan zabalduko ditu ateak, galaren jarraipena egiteko. Estrella Vallejo kazetariak gidatuko du saioa, eta photocalla, zuzeneko konexioak Madrilen egongo diren Handia filmeko kideekin, mokaduak eta beste hainbat sorpresa egongo direla azaldu dute antolatzaileek prentsa-ohar bidez.

Saioaren helburua Handia filmari babesa ematea dela azaldu dute, hamahiru Goya sari jasotzeko hautagaia eta faborito nagusia baita, baina horrez gain, animaziozko film onenaren kategorian hautagaia den Nur eta herensugearen tenplua (Juanba Berasategi), zortzi kategoriatan proposatu duten Pablo Berger zinegile bilbotarraren Abracadabra, eta La Cordillera (Santiago Mitre) filmeko soinu-bandagatik hautagaia den Alberto Iglesias musikari donostiarra ere babestuko omen dituzte.

Sarrerak bi euroan eskura daitezke SADEren atarian eta Truebako leihatilan, eta areto bat beteko balitz, bigarrena zabaltzeko asmoa iragarri dute.