Bartzelonako Euskal Etxeak euskal zinemari eskainitako Zinemaldia.cat jaialdiaren 13. ekitaldia antolatuko du otsailaren 8tik 18ra. Catalunya Film Festivalaren baitan, sail ofizialeko bederatzi filmak Cinemes Girona aretoan proiektatuko dituzte. Jaialdia iragartzeko, Eneko Sagardoy aktorea protagonista duen bideoa prestatu du Mirokutana ekoizpen etxeak.

1979an sortu zen Bartzelonako Euskal Etxea, eta ordutik euskal kultura Katalunian hedatzeko eta ezagutzara emateko ardura izan du. Hala, aurten ere, Zinemaldia.cat jaialdia antolatuko dute eta dagoeneko aditzera eman dituzte Txapeles d’Or saria eskuratzeko lehian ariko diren bost dokumentalak eta lau film luzeak. Horrez gain, euskarazko film onenari Txapela d’Or-Azkue Fundazioa saria emango diote.

Donostia Zinemaldian estreinatu ostean, film gehienak lehen aldiz ikusi ahal izango dira Katalunian. Horien artean, hamahiru Goya sari jasotzeko hautagaia den Handia (Jon Garañoren eta Aitor Arregi, 2017) edota Paul Urkijok zuzendutako Errementari (2017) filmak. Dokumentalen sailean, ikusleak harrituko dituen Converso (David Arratibel, 2017) eta Volar (Bertha Gaztelumendi, 2017) ekoizpenak nabarmendu dituzte antolatzaileek.

Sail ofizialaz gain, 2018ko ekitaldiak bestelako ekimenak ere izango ditu. Urtero legez, Euskadiko Filmategiak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta Etxepare Euskal Institutuak martxan jarritako Kimuak programan hautatutako lanak proiektatuko dituzte. Bestalde, Pere Vall Fotogramas aldizkariko erredakzio-buruak zinema ibilbide bat proposatuko du Alterzinema sailean, eta zinema-sukaldaritza tailerra ere egingo dute.

Zinemaldia.cat jaialdian eskainiko dituzten filmak:

DOKUMENTALAK:

Otsailaren 9an, 20:00etan: Sitio distinto (Davide Cabaleiro, 2017)

Otsailaren 10ean, 20:00etan: Volar (Bertha Gaztelumendi, 2017)

Otsailaren 16an, 20:00etan: Deixar anar/Utzi joaten (Eneko Dorronsoro, 2017)

Otsailaren 17an, 20:00etan: Converso (David Arratibel, 2017)

Otsailaren 18an, 20:00etan: Elkarrekin Together (Migueltxo Molina , Pablo Iraburueta Igor Otxoa, 2017)

FIKZIOA

Otsailaren 8an, 20:00etan: Handia (Jon Garañoren eta Aitor Arregi, 2017)

Otsailaren 9an, 20:00etan: Non (Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs, 2017)

Otsailaren 10ean, 22:00etan: Bi Txirula (Iñigo Garcia Agirrezabalaga, 2017)

Otsailaren 17an, 22:00etan: Errementari (Paul Urkijo, 2017)

Jaialdira hurbildu nahi duen orok 5 euro ordaindu beharko ditu, hala ere, bazkideek eta sektore zein kolektibo jakinek 3 euroan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak. Informazio gehiagorako sartu Zinemaldia.cat atarian.