FIPA Ikus-entzunezko Saioen Nazioarteko Festibalaren XXI. edizioa gaur hasiko da Miarritzen. Urtarrilaren 28ra arte, 30 herrialdetako 120 lan izango dira ikusgai, eta aurtengo herrialde gonbidatua Israel izango da.
Mundu osoko ekoizpenak ezagutzara ematea du helburu FIPA jaialdiak, hala, ia astebetez, azken urteetan nabarmendu diren gaiak (errefuxiatuen krisia eta emakumeen aurkako bortizkeria) jorratuko dituzte parte-hartzaileek. Gainera, François Sauvagnargues jaialdiaren zuzendari nagusiak aditzera eman duenez, 40 emakume zuzendariren lanak eskainiko dituzte, ikus-entzunezkoen zuzendaritzan nabarmentzen eta ugaritzen ari diren seinale.
Herrialde gonbidatua Israel izango da, azken urteetan arazo sozialei buruzko dokumentalen eta telesailen ekoizpenean abangoardian dagoen herrialdea. Jaialdiaren zuzendariak nabarmendu duenez, arazo soziopolitikoak jorratzen ari dira Israelen, bertako haustura-sozialei eta gizarte-eztabaidei buruzko irakurketak eginez.
Smart FIPA sailak, beste behin, ikus-entzunezkoen joera berriak ezagutzeko aukera emango du, eta lengoaiari buruzko hausnarketek ere tokia izango dute, fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak birdefinituz.
Emankizun kopurua iazkoa baino murritzagoa bada ere, jaialdiaren egunak luzatzea erabaki dute antolatzaileek aurtengoan. Hala, irekiera gaur gauean, urtarrilak 23, izango bada ere, goizean Elsa Oliarj-Inesen Basahaideak (Les airs sauvages) euskal produkzioa eskaini dute. Gaueko irekiera ekitaldian Israelgo Fauda telesailaren bigarren denboraldiko lehen kapitulua proiektatuko dute, eta Le courage de grandir dokumental frantsesak emango dio bukaera jaialdiari.
Egitaraua osorik kontsulta dezakezue online, eta informazio gehiago nahi izanez gero, sartu FIPA jaialdiaren webgunean.