Espainiako Zinema Kazetarien Elkarteak 2013az geroztik banatzen dituen Feroz Sarien ekitaldia egin zuten atzo, urtarrilak 22, Madrilgo Callao zinemetan, eta Jon Garañoren eta Aitor Arregiren Handia filmak bi sari jaso zituen: jatorrizko musika onenarena (Pascal Gaigne) eta kartel onenarena (Iñaki Villuendas).
Estiu 1993 (Carla Simón, 2017) izan zen gaueko protagonista nagusia filmen atalean, izan ere, film dramatiko onenaren, zuzendaritza onenaren, taldeko aktore onenaren (David Verdaguer) eta gidoi onenaren garaikurrak eskuratu zituen. Komedia onenaren saria, aldiz, La llamada filmarentzat izan zen, emakumezko aktore onenaren saria Natalie Pozarentzat (No sé decir adiós) eta gizonezko aktore onenarena Javier Gutiérrezentzat (El autor).
Goya sarietarako faboritoa den Handia filmak, aldiz, bi garaikur bereganatu zituen. Batetik, jatorrizko musika onenaren saria Pascal Gaignerentzat, eta bestetik, kartel onenarena Iñaki Villuendasentzat. Drama onenaren eta zuzendaritza onenaren kategorietan ere hautagaia zen filma; eta David Arratibelen Converso lana dokumental onenaren kategorian lehiatu zen, saria La Chana (Lucija Stojevic) proiektuak jaso bazuen ere.